2019ko Gipuzkoako Artzain Eguna ospatu zuten atzo, igandea, Legazpin, eta eskualdeko hainbat artzainek sariak nahiz omenaldiak jaso zituzten bertan.
Ohi den moduan, hainbat lehiaketa egin zuten egunean zehar, eta eskualdeko kideentzat izan ziren zenbait sari. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 35. Lehiaketa jokatu zuten, eta Azpeitiko Berastegi baserriko gaztak eskuratu zuen bosgarren saria. Sariketa berean, Beizamako Patxi Otaegiren gazta sailkatu zen seigarren postuan. Lehenengo hamarrak Euskal Herriko txapelketarako sailkatu ziren; beraz, lehia horretan izango dira Berastegi baserriko nahiz Patxi Otaegiren gaztak. Otaegiren gaztak beste izendapen bat ere jaso zuen atzokoan; hain zuzen ere, hari eman zioten Gaztetxoen Saria. Era berean, Berastegiko gazta izan zen dastaketa herrikoian boto gehien eskuratu zituena.
Omenaldiak Galarragari, Agirretxeri ete Errastiri
Era berean, aitortza jaso zutenen artean izan ziren Errezilgo Begoña Galarraga eta Jose Manuel Agirretxe eta Azpeitiko Angel Errasti. Errezilgo Galarraga baserrikoak dira Agirretxe eta Galarraga, eta haiek egindako lana azpimarratu nahi izan zuen ELE Gipuzkoak. Elkartearen arabera, "bien artean talde bikaina osatuz, artalde kozkorra etengabe hobetzeaz gain, ELE Gipuzkoa zein bestelako egituretan buru belarri parte hartuta, baserri batek bizirauteko behar izan dituen arlo ezberdinak hobetzen saiatu dira beti". Hori dela eta, egindako lan guztia saritzea erabaki zuen elkarteak.
Bestalde, Zestoako Olazabal Zahar baserrian hezitakoa da Errasti, eta orain dela 30 urte inguru hasi zen artalde handiak izaten. Hasieran, 100 buruko artalde batekin ekin zion artzain lanei. Urteak aurrera joan ahala, artaldea handitzen joan zen, 300 burutara iristeraino. Gazta egiten ere hasi zen, baina ez etxean eta ezta txabolan ere. Esnea Azpeitian kokatutako Ardi Gazta Kooperatibara eraman eta beste zortzi bat artzainekin batera egiten zuen gazta bertan. Ondoren, Izarraitz gazta izenarekin saltzen zuten. Legazpiko artzain egunean zein Ordizian ere sari batzuk lortzera iritsi ziren. Gipuzkoako Ardi gazta lehiaketa 1996 eta 2003. urteetan irabazi zuten, Legazpin.
Errastik bazuen esperantza bere semeak artzaintza ofizioari segida ematekoa, Arantzazuko artzain eskolan ikasi baitzuen. Etxetik kanpo aurkitu zuen, ordea, lana, eta ez zuen jarraitu. Ondorioz, jubilatutakoan ardiak eta gaztagintza alde batera utzi zituen Olazabal baserrikoak.