Joseba Albizuk irabazi du XXXIV. Ondarbasoko igoera

Anartz Izagirre 2019ko abuztuaren 31

Eguraldiak ateri eutsi dio, eta giro ederra sortu da Ondarbasoko igoeraren XXXIV. edizioan. 18:00etan hasi da proba plazatik, eta hiru minutuko tartearekin abiatu dira parte hartzaileak Ondarbasora. Beste urte batez, Joseba Albizu azpeitiarra izan da txirrindulari guztietan azkarrena, eta 11 minutu eta 23 segundotan egin du ibilbidea. Iazko edizioan ere Albizu izan zen garaile. Bigarren azkarrena, berriz, Jon Mendia izan da (11:37), eta hirugarrena, Iñaki Gabarain (12:05). Emakumeetan Nerea Irure izan da parte hartzaile bakarra, eta 21 minutu eta 18 segundo behar izan ditu proba amaitzeko.

Guztira 21 txirrindularik parte hartu dute aurtengo edizioan, eta jende mordoa bildu da ibilbidean zehar txirrindulariak animatzeko.

Ondarbasoko igoera ez da izan gaurkoan Zestoan izandako ekitaldi bakarra. Amabirjinak ofizialki datorren astean hasten badira ere, gaur eta bihar hainbat ekitaldi izango da herrian. Hain zuzen ere, gaur, larunbata, preso, iheslari eta deportatuei elkartasuna adierazteko bazkariarekin hasi dituzte ospakizunak.

Hona hemen Ondarbasoko igoerako argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide