Preso, iheslari eta deportatuei elkartasuna adieraziz eta batez ere Antton Olaizola Cabo Verden deportatuta dagoen zestoarrarekin gogoratuz murgildu dira jai giroan Zestoan. Presoen eskubideen aldeko manifestazioa egin dute eguerdian herriko kaleetan zehar, eta ondoren, bazkaritarako elkartu dira plazan. Aldarrikapenak jai giro paregabearekin uztartu dituzte herritarrek, eta mahaiaren bueltan elkartuta hasi dituzte ospakizunak ehunka lagunek, Antton etxera. Preso, iheslari eta deportatuak kalera lelo hartuta zutela.
Datorren ostiralean, hilaren 6an, hasiko dira ofizialki amabirjinak Zestoan, baina motorrak berotzen hasteko asteburu betea dute gaurtik herrian. Izan ere, datozen orduetan izango da zertaz gozaturik hainbat txokotan. Arratsaldean, esaterako, Ondarbasoko Igoera txirrindularitza proba jokatuko dute Erdikaletik Ondarbasoraino, eta 20:30ean, Zestoako Batukadak girotuko ditu kaleak. Gauean ere musika izango da protagonista Laranjadi plazan, Ezpalak, Niña Coyote y Chico Tornado eta DJ HGSrekin. Bihar, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute herrian, eta orduan ere askotariko ekintzak izango dituzte, beheko egitarauan ikus daitekeenez:
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:00. Meza nagusia.
13:00. Herriko adinekoei oroigarriak eskainiko dizkiete. Aurtengo omenduak Angela Aranbarri Elorza eta Jose Arizaga Larreategi izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 86 eta 87 urteko guztiei omenaldia egingo diete eta oroigarriak eskainiko dizkiete. Ekitaldia Idiakaitz txistulari taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute.
14:30. Bazkaria Bainuetxean, Oñatiko Txomek alaituta.
19:00. Txistularien Alardea plazan. Parte hartzaileak Euskal Herriko 50 bat txistulari izango dira: Kantuban abesbatza (Zuz.: Jagoba Astiazaran); Metal boskotea; Alex Sardui; Xabier Saldias; Jagoba Astiazaran (pianoa); Aitor Furundarena (akordeoia eta ahotsa); Amaiur Caravajille (baxu elektrikoa); Iñigo Eskubi (gitarra); Iñaki Telleria eta Jexux Mari Garmendia (perkusioa); Eider Iraola eta Aizpea Aristi abeslari zestoarrak; Zestoako Itxaropena dantza taldea. Zuzendaria: Garikoitz Mendizabal Etxeberria.