Ireki dituzte Zestoako Bainuetxearen ondoko zubiko bi norabideak

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 30a

Amaitu dituzte Zestoako Bainuetxearen ondoko zubiaren alde bateko lanak, eta konponketak oraindik amaitu ez badira ere, bi erreiak irekita daude dagoeneko. Lanak udazkenean amaitzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Zestoako Bainuetxearen ondo zubia.

Ekainean hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentua GI-831 errepidean Zestoako Bainuetxearen ondoko zubia konpontzen, eta zubiaren alde bateko lanak amaitu dituzte dagoeneko. Hilabete hauetan itxita egon da norabide bat, eta ibilgailuei txandaka ematen zieten pasoa toki horretan, semaforoen bidez. Orain, zubiaren beste aldea konpontzeari ekingo dio aldundiak, baina bi erreiak irekita egongo dira ibilgailuentzat. Lanak udazkenean amaitzea aurreikusten dute.

Hainbat hobekuntza

Zubiaren egitura sendotzeko eta berritzeko hainbat lan iragarri zituen duela hilabete batzuk Bide Azpiegituren departamentuak: besteak beste, gainazalak garbitzen, hormigoia pikatzen eta hormigoizko egiturak berritzen dihardute langileek. Aldundiak ia 300.000 euroko aurrekontua bideratu du aipatutako lanak egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide