Kazetaria

Jon Artano: "Askotan sentitu izan naiz irla batean bezala"

Anartz Izagirre 2019ko abuztuaren 30a

Hiru urtez izan da Jon Artano (Zestoa, 1978) EITB taldeko Latinoamerikako berriemailea. Hango etapa «amaitutzat» eman du zestoarrak, eta proiektu berriei ekiteko gogoz bueltatu da sorterrira.

Jon Artano

Kolonbiatik iritsi berri zara, eta FARCeko gerrillari ohien talde batek berriro armak hartuko dituela iragarri du. Nola hartu duzu albistea?

Albiste txarra iruditzen zait Kolonbiarentzat. FARCen pisuzko buruzagi izandako dezente ageri dira adierazpenaren bideoan. Haiek irakurri duten agirian esaten dute «ezeren truke» utzi zituztela armak, eta horri erantzuteko armak hartu beste erremediorik ez dutela izan. Egia da bake akordioan sinatutako guztia ez dela bete, baita Kolonbiako alderdi eskuindarrenak akordioa erabat aldatzea nahi duela ere, baina egoera asko aurreratu da ordutik; askoz hildako gutxiago dago, eta lehen gerrillak eta talde armatuek kontrolpean zituzten herri asko lasaiago daude orain. Horrek ez du esan nahi Kolonbia ondo dagoenik, bake akordioa sinatu zenetik hona pixkanaka-pixkanaka giroa gaiztotzen joan baita. Azken urtea giltzarria izan da Kolonbian eskuinak boterea hartu duenetik, eta gobernuak garai bateko politikak jarri dituenetik, indar armatuei dagokienez. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den; orain, bi FARC daude: alderdi politiko legezko bat, eta bere burua FARCeko gerrila bezala berpiztu duen taldea. Gobernuak gogortu egingo du bere jarrera, eta lehen herrialdearen egoera kezkagarria bazen, orain are kezkagarriagoa da.

Hiru urte egin dituzu Latinoamerikan berriemaile lanetan. Nolakoa izan da itzulera?

Latinoamerikako etapa amaitu zela ikusi nuen, eta bueltatzeko erabakia hartu nuen. Esperientzia zoragarria izan da han bizitakoa, profesionalki eta pertsonalki arrastoa uzten duten horietakoa. Egonaldi hark iraungitze data zuela konturatu nintzenetik, egonaldia gehiago estimatzen hasi nintzen. Iazko udazkenetik banekien bueltatzea nahi nuela; beraz, gertakari berezien berri ematea tokatzen zitzaidanean kontziente izaten ahalegintzen nintzen, eta gozatzen.

Hainbat herrialdetan egoera historikoak bizitzea tokatuko zitzaizun.

Bai. Horien artean dago Fidel Castroren heriotza; oso oroitzapen txarra dut, iritsi berritan harrapatu baininduen gertakariak. Kuban Castrok zuen oihartzuna zuelako, lan karga handiegia izan nuen. Euskal Telebistarako ez ezik, Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako ere egin behar izan nuen lan, besteak beste. Aurreneko bizpahiru egunetan hango berri ematen egon nintzen, baina askotan iruzurgilea sentitzen nintzen, Habanan kalera ateratzeko aukera handirik ez nuelako izan, eta azkenean, berri agentzietatik lortu behar izaten nuelako informazio asko. Ondorengo gertakari batzuen berri ematean, arantza kendu dut, baina hasierako oroitzapen hura oso txarra izan zen. Horrez gain, beste hainbat une historiko bizitzea ere tokatu zait; hala nola Lopez Obradorren garaipena Mexikon, eta Bolsonarorena Brasilen.

Zein da bizi izan duzun egoerarik bereziena?

Asko bizi izan ditut. Nikaraguako unibertsitate batean herritarren matxinada izan zen hango gobernuaren aurka, eta unibertsitatean gotortuta egon ziren ikasleekin egotea oso hunkigarria izan zen niretzat, ikusten nuelako zer-nolako jendea zen, nola zeuden jantzita eta zer idealismo zuten. Ikasleek hilabete-edo egin zuten han, eta haiek elkarrizketatzea lortu genuen. Iluntzean tiroak entzun genituen, eta hori oso gogorra izan zen. Gau hori oso momentu berezia izan zen niretzat.

Taldean aritzetik, bakarka lan egitera igaro zara. Asko kostatu al zitzaizun egokitzea?

Askotan sentitu izan naiz irla batean bezala. Ez naiz freelance kazetari moduan joan, EITB taldetik baizik; beraz, baldintzak onak ziren, baina ez nuen freelance batek duen autonomia maila bera. Zortea izan dut kameralari batekin egin dudalako lan, eta harekin partekatzen nituelako era guztietako erabakiak. Horrez gain, han beste kazetariekin ere informazioa partekatzeko aukera izan dut, eta horrek ere babes apur bat eman dit. Dena den, oro har, nagusiki bakarrik jardun behar izan dut, eta gogorra egin zait.

Zer nolako kazetaritza egiten ahalegindu zara?

EITBk askatasuna eman dit gaiak proposatzeko orduan, baita hura lantzerakoan ere. Bi eratako kazetaritza egin dugu: batetik, albiste agentzietako irudiekin osatutako erreportajeak egiten genituen, eta bestetik, geuk sortutakoak. Azken horietan oso zaila egiten zitzaidan ez apasionatzea, gai denak egundokoak iruditzen baitzitzaizkidan. Horrez gain, Latinoamerika hain urrun dagoenez, zaila zitzaigun gure erredakzioko jendeari ikusaraztea euskal herritarrentzat hainbat gaik interesa izan zezaketela. Ni ahalegindu naiz erakusten hango desberdintasunak, baina baita beste era bateko gertakariak ere. Herrialde jakin bateko kontuak kolore jakin batekoak baldin badira, eta beti gai jakin batekin lotutakoak, estigma elikatu besterik ez da egiten.

Hainbeste herrialdetatik nola aukeratzen zenuen eguneko albistea zein zen?

Gogorra da esatea, baina askotan albiste zer den eta zer ez erabakitzerakoan eragin handia du nazioarteko agenda mediatikoak. Gu ahalegindu gara agenda propioa sortzen; behintzat, denok aditzez ezagutzen ditugun arazo horien sorburua eta jatorria non dagoen jakiteko albisteak eta erreportajeak egiten.

Iñaki Anasagastik hautsak harrotu zituen Venezuelako hauteskundeen harira egin zenuen elkarrizketa bat zela eta. Eraginik izan al zuen zugan?

Nire lanarekiko kritikekiko oso sentibera naiz, baina kritika jakin hori oso neurriz kanpokoa iruditu zitzaidan, ez bakarrik nire lanarekiko bere iritziagatik, EITBtik ni kanporatzea eskatzen zuelako ere bai, besteak beste. Kritikak ez zidan hainbeste eragin, baina zer pentsatua eman zidan, neronek ez nuelako hari erantzuteko grinarik izan. Dena den, Anasagastirena ez da kritika bakarra izan; Venezuela oso gai arantzatsua da, eta albiste sorta beragatik Twitterren alde batekoek eta bestekoek ere egurra eman zidaten. Venezuelak denon bihotz mintzak ukitzen ditu. Hango mugara joan ginenean, adibidez, hara joate hutsarekin posizionatuta nengoela ematen zuen, baina Venezuelara joaten bazara, mugan ikusten duzuna oso gogorra da. Egunero milaka lagun pasatzen ziren mugatik etsita, eta errealitatearen parte ukaezina da hori ere. Beste herrialdeetan ere badaudela miseriak? Jakina, baina Venezuelako krisiak duen dimentsioa ikaragarria da.

Euskal Herrira bueltatu zara orain. Nolakoa da atzean utzi duzun Latinoamerika?

Hauteskunde sorta dator, Argentinatik hasita. Irakurri dudanaren arabera, segurutzat ematen da aldaketa egongo dela. Bizi-bizirik dago Latinoamerika, eta neurri batean ez zaio uzten aurrera egiten. Leku askotan errepikatzen dira arazo berak, nagusiki herritarrei aukera berdintasunerako trabak jartzen zaizkie eta ez da inbertitzen herritarren ongizatean; Kolonbia muturreko adibidea da horretan. Venezuela ere hor dago, aterabide oso konplikatua du herrialdeak, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Gainera, Bolsonarok hartu duen norabidea dago; hasi besterik ez da egin, eta ikusten ari gara zer ari den gertatzen. Ertamerikan AEBetako 2020ko hauteskundeek izan dezaketen eragina ere handia izango da.

Telebistan ez ezik, irratian nahiz prentsan ere aritu zara lanean. Irratira bueltatuko zara orain.

Aldaketa handia izango da, egun batzuetan burua aske izango baitut. Han 24 orduz nuen burua lanean. Amarauna programara itzuliko naiz, eta lantalde zoragarria izango dut. Euskadi Irratian zorionekoa naiz, eta kazetaritza egiten jarraituko dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide