Tradizioak agintzen duen moduan, Amabirjin jaien atarian, Ondarbasoko Igoera jokatuko dute Zestoan, herriko txirrindulari elkarteak antolatuta. Larunbatean, abuztuak 31, jarri dute hitzordua, eta ohi bezala, plazatik abiatu eta Ondarbaso mendira joan beharko dute partaideek. 18:00etan hasiko da hiru kilometroko erlojupeko proba, eta 21 txirrindularik parte hartuko dute bertan. Hiru minutuko tartearekin abiatuko dira parte hartzaileak.
Probak badu berezitasun bat: Zestoan jaiotakoek edo bizi direnek soilik parte har dezakete lasterketan. "Lege bat bezala da hori", azaldu dute antolatzaileek. Dena den, garai batean igoeran jende gutxi ateratzen zela eta, inguruko herrietako txirrindulariei –Zumaia, Aizarnazabal, Azpeitia...– proban parte hartzeko aukera eman zieten, eta sasoi hartan parte hartu zuten kirolariei orain ere proban parte hartzen uzten diete. Hala eta guztiz, arauak indarrean egoten jarraitzen du, eta ezin du edonork parte hartu Ondarbasoko Igoeran.
Proba 18:00etan hasiko bada ere, antolatzaileek ikusleei hogei bat minutu lehenago bertaratzea gomendatu diete, jende asko joaten delako inguru horretara lasterketaren egunean. Proba amaitzean, 20:00etan, sari banaketa egingo dute, Laranjadin.
Honako hauek dira partaideak eta haien irteera orduak:
-Nerea Irure (18:00)
-Iñigo Uria (18:03)
-Juan Ignacio Zunzunegi (18:06)
-Juan Joxe Odriozola Txapei (18:09)
-Pello Gerenabarrena (18:12)
-Garikoitz Mendizabal (18:15)
-Jon Irure (18:18)
-Jose Ignacio Albisu (18:21)
-Iñaki Uranga (18:24)
-Unai Olaizola (18:27)
-Gorka Olaizola (18:30)
-Mikel Jauregi (18:33)
-Mikel Iruretagoiena (18:36)
-Aritz Elustondo (18:39)
-Sathya Paz (18:42)
-Jon Alberdi (18:45)
-Iraitz Pou (18:48)
-Julen Uranga (18:51)
-Iñaki Gabarain (18:54)
-Jon Mendia (18:57)
-Joseba Albizu (19:00)
Iaz, Joseba Albizuk eta Amaia Alonsok irabazi zuten Ondarbasoko igoera.