Oso lan ona egin duzu Tour de l'Avenir-en. Espero al zenuen horrela moldatzea?
Banekien oso ondo prestatuta nengoela, baina aldi berean, bagenekien oso maila handia izango zela proban.Horrenbestez, gustura gelditu naiz emandako errendimendu mailarekin eta lortutako emaitzekin.
Bi etapatan hamar aurrenen artean sailkatu zara, eta mendiko saria eskuratu duzu. Nola sentitu zinen mendiko etapetan?
Oso-oso gustura. Ez nuen inoiz halako mendate luzerik igo, eta oso ondo sentitu nintzen. Gozatu egin nuen mendateetan gora, eta horrekin gelditzen naiz.
Tourra hasterako, zer aurreikuspen zenituen?
Hasierako etapetako lana zen taldekideei ahal zen guztian laguntzea eta haiek ondo babestuta eramatea ibilbidean zehar. Ondorengo egunetan, mendiko etapetan, banekien nire eremuan nenbilela, eta askatasun gehiago izan dut. Hala ere, probako hamar egunen helburua gozatuz ikastea zen, eta ahal izanez gero, lagunak eta familia gozaraztea.
Afizionatu mailako lasterketa garrantzitsuenetakoa da Tour de l'Avenir. Zer suposatzen du halako proba batean lortu dituzun emaitzak lortzeak?
Garrantzi handia du etorkizunera begira. Gainera, maila horretan ibiltzeko gai naizela erakutsi diot neure buruari.Ikaragarria izan da. Mendiko elastikoa lortzerik ez nuen inolaz espero proba hasi aurretik, eta beraz, izugarri gustura nago egindakoarekin.
Nola prestatzen zara halako probetarako?
Horrelako lasterketak ez dira astebetean prestatzen. Lortutakoa urteetako lanaren emaitza dela esango nuke. Talentua garrantzitsua da edozein kiroletan, baita txirrindularitzan ere, baina urteetako lan gogorrik gabe ezin da horrelako lekuetara iritsi. Lan gogorra da prestaketarik onena.
Baque-Ideus taldeko kidea zara 2018tik. Zer moduz taldean?
Oso gustura nago taldearekin, laguntza behar izan dudanean eta ez dudanean hor egon delako. Oier Ibarguren taldekidea dut, eta denek esango luketen gisan, artista bat da. Harekin entrenatzen dut, eta oso lagunak gara.
Zer proba dituzu begiz jota?
Hemendik gutxira, Portugalgo Itzulira joango da taldea, eta nahiz eta ziur ez nagoen, bertan izango naizela uste dut. Urtea amaitzerako, berriz, bi asteburu gelditzen zaizkit Euskal Herriko errepideetan; ea zer moduz bukatzen dugun urtea.
Eta zer erronka dituzu?
Oraindik ez dakit etorkizunean zein bide hartuko dudan edo zein bide izango ditudan zabalik. Beraz, ordura arte lanean jarraitzea izango da onena. Dena den, noan lekura noala, gerra ematen jarraitzea eskatzen diot neure buruari. Eta orain arteko hobekuntzan mantentzea ere bai.
Datorren urtean 23 urte egingo dituzu. Elite mailan aritzea edo profesionaletara jauzi egitea nahi duzu?
Nahi, nahi...Tourra onenekin egitea nahiko nuke, baina esan bezala ez dakit zer bide izango ditudan irekita. Ea zortea dugun eta ametsak betetzeko gai garen.