Zestoako Bainuetxeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur ere, ELA eta LAB sindikatuen babespean. Tres Mares SA hitzarmena errespetatu lelopean elkartu dira hainbat behargin Bainuetxearen atarian, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta enpresak langileen eskubideak errespeta ditzala eskatzeko. Izan ere, beharginek lan egutegirik ez dutela salatu dute, baita "lan karga itzelak" dituztela ere. Protestekin segituko dutela ere adierazi dute horiek; hain zuzen ere, datorren astearterako beste kontzentrazio bat deitu dute. 15:30ean hasita egingo dute, Bainuetxearen atarian.