Zestoako Bainuetxeko langileak protestekin hasi dira berriro. Atzo, asteartea, egin zuten lan baldintza duinak eskatzeko eta langileen oinarrizko eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko elkarretaratzea, bainuetxearen atarian. Batetik, lan egutegirik ez dutela salatu dute beharginek, eta bestetik, duten lan kargaren bolumena nahiz ordezkapenetarako edo bajetarako dituzten zailtasunak.
Langileen esanetan, 2016tik ari dira lan egutegirik ez dutela salatzen Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan: "Ikuskaritzak isunak jartzen dizkio enpresari behin eta berriz, baina hurrengo urtean gauza bera egiten du; argi dago, isunak ordaintzea ez zaio axola enpresari". Beharginek esan dutenez, egutegia izatea "ezinbestekoa" da, lana eta bizitza pertsonala kontziliatzeko eta enpresaren esklabu ez bilakatzeko. Dena den, egutegiarena ez da salatzea nahi duten arlo bakarra, langileek adierazi dutenez. "Lan karga itzelak ditugu. Gainera, bajak, ordezkapenak... ez dira kubritzen, eta gero eta langile gutxiago gaude lan bera egiteko. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi gero eta langile gehiagok hartzen dutela baja lan kargen eta lesioen ondorioz; horrek gure bizitzaren kalitatean eragin zuzena dauka, eta bezeroek nabaritu egiten dute".
Tres Mares SA enpresak kudeatzen du Zestoako Bainuetxea, eta enpresa horrek urteetan "gogor kolpatu" dituela salatu dute langileek. "Oraindik ondo asko gogoratzen dugu zuzendaritzak, Raxoiren 2013ko lan erreforma baliatuta, enpresa hitzarmena sinatzera eta soldatak %15 jaistera behartu zituela langileak, hotelaren itxierarekin mehatxatuta". Langileek protesta ugari egin zituzten iaz lan hitzarmena berritzeko, eta uztailean lortu zuten aurreakordioa.
Atzo egin zuten lehen elkarretaratzea, baina beste bat ere deitu dute: abuztuaren 27an, asteartea, egingo dute, bainuetxearen atarian, 15:30ean. Langileek azaldu dutenez, borrokan segituko dute lan baldintzak egonkortzea eta eskubideak behin betiko bermatzea lortu arte.