Zezenketen garaian, Gurea Kultura egitasmoa egingo dute Zestoako jaietan

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 20a

Irailaren 6an, ostirala, EH Sukarra eta Rukula taldeen kontzertuak izango dira, Geltoki Zaharrean. Igandean, berriz, Alonderoko aldapan murala margotuko dute Bargaztak taldeko kideek. Gurea Kultura egitasmoa babesteko bono laguntzak kaleratu dituzte, eta herriko tabernetan daude horiek eskuragarri.

Iazko Gurea Kultura egitasmoko irudia.

Iazko gisan, Gurea Kultura egitasmoa prestatu du herritar talde batek Amabirjin jaietako zezenketen garairako. Bi ekitaldi prestatu dituzte aurtengorako, zezenketen aurrean alternatiba erakusteko: irailaren 6an, ostirala, 18:00etan hasita, EH Sukarra eta Rukula taldeen kontzertuak izango dira Geltoki Zaharrean; festa, baina, 17:30ean hasiko da. Irailaren 8an, igandez, berriz, Bargaztak taldeak mural margoketa egingo du Alonderoko aldapan, 18:00etatik aurrera.

Gurea Kulturaren sustatzaileek azaldu dutenez, Zestoako Udala laguntzeko prest azaldu da aurten, eta gaineratu dute irailaren 6ko kontzertuak antolatzeko laguntza eman diela erakundeak. Gurea Kulturako kideek esan dutenez, musika taldeen kudeaketa bere gain hartu du taldeak, baina udala azpiegitura gastuez arduratuko da. "Taldean dagoen gogoarekin eta udalak emandako bultzada hori aprobetxatuta, ekimen borobilagoa egingo dugulakoan gaude", azaldu dute horiek.

Egitasmoa laguntzeko hamar euroko bonoak kaleratu ditu Gurea Kulturak, eta horiek Portale, Mollergi, Fati eta Koiote tabernetan eskura daiteke. Bildutako dirua musika taldeen gastuei aurre egiteko erabiliko dutela argitu dute taldeko kideek, eta irabaziak lortuz gero, epaiketaren zain dagoen Manex Odriozola herritarraren auzi gastuei aurre egitera bideratuko dutela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide