Bihar hasiko da Donostian Aste Nagusia, eta aurten ere Gipuzkoako hiriburuko jaietara joan-etorriak egiteko gaueko autobus zerbitzu bereziak iragarri dituzte Azkoitia-Donostia UK01 linearako.
Aste Nagusiak dirauen bitartean, bihartik hilaren 17a arte, zerbitzu berezi bat izango da egunero Urola Kostatik Donostiara joateko, eta beste bat itzultzeko. Joaneko zerbitzua 23:45ean irtengo da Azkoititik, eta Azpeitian (gauerdian) eta Zestoan (00:10) geldialdiak egingo ditu. Donostiatik Urola Erdira itzultzeko zerbitzu berezia, berriz, 01:05ean abiatuko da.
Azken horrekin lotuta, La Guipuzcoanak eta Lurraldebusek gogoratu dute Aste Nagusiko egunetan geltoki aldaketa bat izango dela 21:30etik aurrerako zerbitzu guztietan: Askatasunaren Hiribideko geltokia Zubieta kaleko 50. zenbakira aldatuko dute jaietako gauetan.