Lehen aldiz jokatuko da Emakumezkoen Donostiako Klasikoa, gizonezkoen proba baino ordu batzuk lehenago. 10:00 aldera abiatuko dira Donostiako Boulevardetik eta Jaizkibel, Arkale eta Igeldo igo ostean, eta aurreikuspenen arabera jada hiru ordu igarota, 13:00etan, sartuko dira Urola Kostan, Orion. Ondoren, N-634 errepidea hartu Usurbil aldera joko dute, Donostian proba amaitzeko.
Gizonezkoek, bestalde, 11:30 aldera ekingo diote probari. Emakumezkoek ez bezala, N-634 errepidea hartu eta zuzen-zuzenean Orio eta Zarautz zeharkatuko dituzte 12:30 baino lehen, eta ondoren Meagatik barrena Aizarnazabal (12:41), Iraeta (12:45), Zestoa (12:48), Azpeitia (13:00) eta Errezil (13:17) pasako dituzte. Iturburura igo (13:23) eta Tolosa aldera joko dute ondoren.
Dena den, berriz zapalduko dute gure eskualdea. Emakumezkoek bezala, probaren zati gehiena egitean, Ibaetatik Igeldo igo eta Oriora joango dira txirrindulariak; 17:00 aldera aurreikusten dute antolatzaileek. Ondoren N-634 errepidea hartu eta Usurbil igarota azken 30 kilometroak egingo dituzte, beste behin Igeldora igota.