Gogotsu ekin zieten atzo Arroagoian aurtengo santio-santanei. Gaur, Santio eguna, kostatu zaie batzuei erritmoa berreskuratzea, baina festa giroa berpiztu dute eguerdirako.
Patata tortilla lehiaketan parte hartu dutenak izan dira goiztiarrenetakoak; 10:30erako aurkeztu behar zituzten etxean prestatutako torillak Herri Etxean. Aurten bost tortilla lehiatu dira, eta Iñigorentzat eta Kontxirentzat izan dira lehiaketaren bi sariak.
Lehiaketara aurkeztutako tortillekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izan dute ondoren, frontoia atarian, sagardo lehiaketarekin batera etorri den dastaketan. Azkenean bost izan dira lehiatu diren sagardogileak eta Igartza Haundirentzat izan da lehen saria; haren atzetik sailkatu diren Azketak eta Azketa-Errotak ere jaso dituzte zegozkienak. Eta atarian batzuk jan-edanean ari ziren bitartean, beste batzuek tokia hartu dute pilotalekuko harmailetan, gaztetxoen arteko pilota finalak ikusteko.
Arratsaldeko lehen hitzordua ere kirolarekin lotuta egongo da. 18:30ean hasita, Karmelo Matrakaren omenezko herri kirol saioa egingo dute, harri-jasotzaileekin eta aizkolariekin. Santio eguna agurtzeko, berriz, Elizagoien ahizpekin erromeria izango da gaur Arroagoian.
Datozenak
Igandera arte luzatuko dira santio-santanak Arroagoian. Bihar Santa Ana eguna ospatuko dute, baina egitarauaren egunik beteenak etzi eta igandean izango dituzte. Hau da datozen egunetarako jai egitaraua:
Bihar, ostirala - Santa Ana eguna
11:00. Meza Nagusia. Ondoren, Itxaropena dantza taldea. Jarraian, edadetuentzako hamaiketakoa Herri-etxe elkartean. Tartean bingoan jokatzeko aukera izango da.
17:00. Txan magoaren Inpernutik natorren artista bat naiz ni ikuskizun berria.
19:00. Herritarren arteko kirolak frontoian.
23:00. Erromeria Mugi pandero taldearekin. Jarraian, Imanol DJ Pajaritoren emanaldia.
Etzi, larunbata - Santa Ana bigarrena
12:00. Bizikleta proba: III. Igarategi igoera.
18:00. Asto probrak: Pello Etxabe eta Artabilla.
19:00. Umore bakarrizketak. Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa
21:00. Gazte afaria 70eko hamarkadako janzkerarekin.
23:00. Saioa eta Maddalen trikitilariak.
02:00. DJ Kanuttoren emanaldia. Tartean, zumba emanaldia.
Uztailak 28, igandea. Umeen eguna.
12:00. Haur eta gaztetxoentzat, Zurrumurruren eskutik Txapela buruan eta ibili zirkuan (Zirku animazioak, tailerrak eta jolasak, frontoian.
16:30. Ume jolasak eta txokolatada, plazan (izen-ematea, 16:00etan).
18:30. Leizarranen zezen txikiak eta poniak.
22:00. Arroako jaietako argazki proiekzioa, eliz atarian.
22:30. Erromeria, Irati eta Amets trikitilariekin. Tartean, otarraren zozketa eta IV. argazki lehiaketaren sari banaketa.
Hemen, gaur eguerdiko ekitaldien argazkiak: