Zestoako Udalak atzera bota du hondakin sistema aldatzeko udalbatzarrak 2016an hartu zuen erabakia. Atzo iluntzeko udalbatzarrean, erabaki hura deuseztatzearen alde eman zuten botoa Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren eledunek, eta abstentzioaren alde egin zuten oposizioan dagoen EAJkoek.
Atzokorekin, gauzatzera iritsi ez den erabaki bat da bertan behera utzi dutena. Duela bi agintaldi, 2014an, hondakinen bilketa sistema mistoa ezarri zuten Zestoan; harrezkero, atez ate jasotzen dituzte hondakin organikoak, errefusa eta ontzi arinak, eta edukiontzietan papera eta beira. EH Bildu Udal Gobernuan zela ezarri zuten sistema hori eta horrekin jarraitu dute gaur arte, 2016ko maiatzean EAJren Udal Gobernuak bi urte lehenago hasitako sistema baztertzearen eta txipdun edukiontzien bidezko bilketa sistemaren aldeko hautua egin zuen arren.
2016ko aldaketaren aldeko hautu hark ondorio errealik izan ez badu ere, "udalbatzarraren gehiengoak erabaki zuenez, eta udalbatzarrak erabakitakoa lege denez, indarrean dago. Eta momentu honetan ez du zentzurik, sistema orain arte ez dela aldatu eta gu aldatzearen alde ez gaudela kontuan hartuta, erabaki hura mantentzeak", azaldu zuen atzoko bilkuran Mikel Arregi alkateak.
Egungo sistema hobetzeko aukera
2014tik martxan den bilketa sistemak "oraindik hobetzeko aukera handiak" eskaintzen dituela nabarmendu zuen Arregik. "[UrolaErdiko] Mankomunitatearen azken datuen arabera, Zestoa da, gure akatsekin eta hutsuneekin, emaitza onenak lortzen dituen udalerria, bai gaikako bilketaren portzentajeari dagokionez, baita bildutako kopuruaren karakterizazioari dagokionez ere. Egia da datuak onak direla, baina ez dira beste mundukoak ere. Horrek esan nahi du Urola Erdiko beste herrietakoak direla datu txarrak", azaldu zuen alkateak.
Gaur egungo sistemaren gabeziak edo zuzendu beharrekoak ere jarri zituen mahai gainean alkateak. "Ona delako garestia" den sistema horren kostuak murrizteko aukerak aipatu zituen, batetik, eta herrigunean emaitzak landagunean baino askoz hobeak direla adierazi zuen, bestetik. Landaguneetako eta Zubimusuko hondakinen biltokietan "inpropioen kopurua %5etik gorakoa" izaten dela azaldu zuen, eta kopuru horretatik gora, gaika sailkatutako guztia ere "automatikoki errefusa" bihurtzen dela. Landaguneetan okerrak zuzenduta eta sistema finduta, Zestoan gaikako bilketaren emaitza %80ra gerturatuko litzatekeela uste du Udal Gobernuak, "Gipuzkoan gehien birziklatzen duten herriekin parekatuta".
Datuen fidagarritasunaz
Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak, bere aldetik, gogoratu zuen orain bertan behera geratu den erabaki hura hartzearen arrazoia izan zela "Azpeitiarekin parez pare" joatea; garaitsu hartan erabaki zuten Azpeitian kontrolatutako edukiontzien bidezko bilketa sistema ezartzea. Zalantza plazaratu zuen Mendizabalek, mankomunitateko gainerako herrien joerak bestelakoak direla ikusita, Zestoan merezi ote duen aparteko bilketa sistemari eustea. Mankomunitatearen bilketa kopuruen datuak "anbiguoak" iruditzen zaizkiola esan zuen, benetako datuak ezagutzearen garrantzia adierazi zuen, eta "zein dira, adibidez, Azpeitiko datuak?", galdetu zuen.
Gaika zenbat biltzen den bat dela erantzun zion Arregik, eta gaika bildu den guzti hori prozesatu ostean ateratzen den emaitza, bestea. Mankomunitateak publiko egiten duena gaikako bilketaren kopurua izaten dela esan zuen, "baina horrek ez du esan nahi gaika biltzen den guztia ondo dagoenik". Beraz, Arregiren hitzetan, "datu batzuk ez dira errealak. Gezurrak ez dira, baina egia osoa ere ez". Horrekin lotuta, Azpeitian edukiontzien sistema "arazoak ematen" ari dela esan zuen.
Irailetik aurrera, lanean
Egin daitezkeen eta egin nahi dituzten hobekuntza horiek aztertzeko eta neurriak ezartzen joateko asmoa dutela azaldu zuen alkateak. Hain zuzen ere, iragarri zuen irailaean hasiko direla lanketa horretan udaleko Ingurumen batzordean.
Sistema hobetzeko aukera guztiak aztertzeko eta behar diren aldaketak proposatzeko zein onartzeko ateak irekita izango direla agindu zuen Arregik, eta mankomunitateko teknikarien datuak eta iritziak ere kontuan hartuko dituztela. Jarrera hori eskertu zuten EAJkoek, eta horretan oinarrituta jo zuten abstentziora, "2016ko erabakia atzera botatzeak ez du esan nahi orain dagoena aztertzeko ateak erabat ixtea" argudiatuta.