Segalaria

Iban Pardo: "Aurkari guztiak ikusten ditut indartsu, baita neure burua ere"

Ane Olaizola 2019ko uztailaren 25a

Euskal Herriko Sega Txapelketaren finala jokatuko du Iban Pardok (Zestoa, 1981) datorren igandean, Asteasun (Gipuzkoa). Joan zen asteburuan lortu zuen txartela.

Bederatzi segalarik bi multzotan banatuta jokatu zenuten finalaurrekoa igandean, Aiako Aristerrazu auzoan, eta zure taldean bigarren sailkatu zinen, 1.309,5 kilo belar moztuta. Nolako saioa izan zen?

Ordu erdiko saioa izan zen joan zen asteburuan jokatu genuena. Hiru segalari ibili ginen besteak baino aurrerago, baina Etxeberriak aurrea hartu zigun gero. Beraz, Urki [Jesus Mari Ormaetxea] eta nire artean egon zen norgehiagoka, eta azkenean neuk irabazi nuen.

Finalean, berriz, ordubeteko saioa egin beharko duzue. Iganderako zer aurreikuspen dituzu?

Ez dakit zer belar egongo den, hori ikusteko dago. Onenak irabaziko du noski, baina espero dut gutxienez guztiok lur sail berdina izango dugula belarra mozteko.

Igandekoa ez duzu aurreneko Euskal Herriko txapelketa izango, baina orain arte ez duzu txapela janztea lortu. Oraingo honetan, zer aukera dituzu?

Aukerak beti daude, eta saiatu behintzat egin beharko dugu. Noski, besteak ere ahaleginduko dira, baina askotan, hainbat faktorek eragina izan dezake. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta nahikoa da besteak hutsegite bat egitea zuk akats hori aprobetxatzeko. Beraz, suertatu daiteke txapela lortzea.

Jokin Etxeberria, Jon Otegi eta Julen Gabirondo izango dituzu finalean aurrez aurre. Nolako arerioak dira?

Aurretik ere jokatu izan dut horien kontra, eta aurkari gogorrak dira. Irabazi izan dut horien aurka, baina galdu ere bai. Zentzu horretan, guztiak ikusten ditut indartsu, baina baita neure burua ere; hori pentsatuta joango naiz finalera.

Finalean, guztiok batera egingo duzue ordubeteko saioa. Halakoetan, moztutako belar kiloak soilik hartzen al ditu epaimahaiak kontuan?

Hasiera batean, moztutako belarraren kiloak hartzen ditu aintzat epaimahaiak, baina gaizki mozten ari bazara, abisu bat ematen dizute. Gaizki mozten jarraitzen baduzu, txartel urdina ateratzen dizute, eta ondorengo txartel guztiak gorriak dira. Txartel gorri bakoitzeko, hogei kilo belar kentzen dizute. Gainera, belar txikia baldin badago, hura berreskuratzea ez da erraza izaten. Beraz, kontu pixka batekin ibili behar dugu mozten. Aldiz, txapelketa ehun metro koadroko sailean jokatzen dugunean, denbora eta txukuntasuna hartzen ditu kontuan epaimahaiak, baina oraingo finalean, moztutako belarraren pisua da kontatuko dutena. Ahalik eta belar gehien moztu behar duzu, baina hori ondo egin behar da.

Asteasuko Bulano baserriko zelaietan jokatuko duzue finala. Ezagutzen al duzu eremua?

Gipuzkoako kanporaketaren bat jokatu izan dut han. Pare bat aldiz suertatu izan zait han lehiatzea, eta lekua ederra da.

Egunotako beroak zenbateraino eragin dezake txapelketa jokatzerako orduan?

Beharbada euri apur bat egin dezakeela esan dute, baina egia esan, ez dut eguraldi iragarpena begiratu ere egin. Ohituta gaude beroarekin segan aritzera, eta beraz, ongi etorria izango da giro hori ere, hasiera batean behintzat. Alferrik da eguraldiaren menpe ibiltzea, horri ezin baitiogu aurre egin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide