Aurrera doaz Arroabean Karmen jaiak. Atzo, pala txapelketaren finalarekin eta bertsolari gazteen saioarekin borobildutako Jubilatuen Eguna ospatuta, gaur Umeen Egunaren txanda dute. Goizean umeentzako jolasak izan dituzte eta bazkaria izango dute ondoren; arratsaldean, 16:00etatik aurrera, gaztetxoenek jarraituko dute protagonista izaten, puzgarriekin, txokolatadarekin eta apar festarekin. Eguna bukatzeko, berriz, Radio Rahim, Los Zopilotes Txirriaos eta Tirri & Tery taldeen kontzertuak entzuteko aukera izango da, 23:00etatik aurrera.
Bihar, Kuadrillen Eguna ospatuko dute, eta igandean izango dute jaien azken eguna, gauerdian Karmentxu agurtu arte. Hau da asteburuan karmenetan izango duten festa egitaraua:
- Uztailak 20, larunbata. Kuadrilen eguna.
10:30. Paella lehiaketaren hasiera.
14:00. Kuadrilen bazkaria.
17:30. Kuadrilen arteko jolasak Lopeneren zezenekin.
23:00. Gozategi taldearen eta DJ Bullen emanaldiak.
- Uztailak 21, igandea.
11:30. Idiakaitz txistulari taldea.
12:00. Meza nagusia. Ondoren, Lopeneren abereak.
18:00. XI. Trikitilari Gazteen Txapelketa. Ondoren, sagardo dastaketa eta pintxoak.
22:00. Auskalo taldearen kontzertu akustikoa.
00.00. Karmentxuren agurra.
Erasorik gabeko festak
Bestetik, Arroabeko Talde Feministak aurtengo karmenetarako martxan jarri duen erasoen kontrako protokoloaren berri eman du.
Erasoen aurrean laguntza eskatzeko 24 orduz erabilgarri duten telefono zenbaki bat eman dute (615 768 980 da zenbakia), eta erasoren baten lekuko direnentzako gomendioak ere zerrendatu dituzte. "Erasotua errespetatu, egoera salatu eta ez ixildu!", dio protokoloaren berri emateko zabaldu duen afixak. Arroabean ez dela "babosorik onartuko, ezta eraso sexista, matxista, LGTBQ+fobo, xenofobo eta arrazistarik ere" nabarmendu dute.
Hemen, atzoko pala finalaren eta bertso saioaren, eta gaur goizeko ume jolasen argazkiak; Maikel Larrañagak eta Gorka Lazkanok jantzi zituzten palan txapelak, finalean Igor Eizagirre eta Jon Lazkano gaindituta (Argazkiak: Arroabeko Festa Batzordea):