Pilotan, dantzan eta festa giroan hasi dute Karmen eguna Arroabean

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 16a

Arratsaldean patata tortilla lehiaketa eta herri kirolak izango dituzte, eta Anariren kontzertuarekin borobilduko dute jaien zaindariaren eguna.

Karmen eguna ospatzen ari dira gaur Arroabean. Jaiak atzo hasi ondoren, gaur zaindariaren egunerako prestatua duten egitarauari ekin diote goizetik. Herriko pilotari gaztetxoak izan dira eguneko aurreneko protagonistak; hamarretan hasita, hainbat pilota partida jokatu dituzte, eta guztiek zegozkien sariak jaso ondoren, hamaiketakoaz gozatu dute neska-mutilek. Eguerdian, mezaren ondoren, Zestoako dantzari txikiek erakustaldia egin dute frontoian, eta bazkal aurreko triki poteoak hartu die txanda haiei.

Arratsaldean eta gauean ere izango zertaz gozatua Arroabean. 18:00etan hasita, patata tortilla lehiaketa egingo dute; eta 19:00etan, berriz, herri kirolen erakustaldia izango da. Gauean, musikazaleek hitzordu berezia izango dute, Anarik 22:00etan hasita emango duen kontzertuarekin.

Bihar atseden hartu ondoren, ostegunean itzuliko dira karmenak Arroabera, eta ordutik igandera arte ez dute etenik izango jaiek (ikusi hemen egitarau osoa).

Hemen, gaur goizeko eta eguerdiko irudi batzuk (argazkiak: Urola Kostako Hitza eta Arroabeko Festa Batzordea):

[flickr_set id="72157709681207186"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide