Zestoako amabirjinetako programaren azalaren lehiaketa martxan jarri dute

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 15a

Herritarrek abuztuaren 2ra bitartean izango dute lanak udaletxean edo Kultur Etxean aurkezteko aukera. Irabazleak 250 euroko diru saria jasoko du. Iaz Paula Nogalesek egin zuen egitarauaren azala.

Iazko txupinazoko irudia. (Ihintza Elustondo)

Zestoako Udalak datorren iraileko Amabirjin jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan aurten ere. Parte-hartzaileek Zestoan erroldatuta egon behar dute, eta bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Herritarrek abuztuaren 2ra bitartean izango dute lanak udaletxean edo Kultur Etxean aurkezteko aukera.

Lan bakoitza gutunazal baten barruan aurkeztu beharko da, eta horrekin batera, NAN zenbakia eta bere datuak idatzi beharko ditu egileak orri batean. Lan bakoitzaren atzealdean, berriz, NAN zenbakia idatzi beharko du egileak.

Udalak jakinarazi duenez, egitarauaren 21x21 zentimetro izango da azalaren neurria, eta beraz, tamaina horretan egin beharko dituzte sortzaileek lanak. Lan horietan, gaineta, Zestoa Amabirjinak 2019, Zestoa Herri Jaiak 2019 edo Zestoa Festak 2019 testuak jarri behar dute. Irabazleak 250 euroko saria jasoko du, eta epaimahaia Kultura Batzordeko kideek eta hark izendatutako hainbat adituk osatuko dute. Lanek jatorrizkoak nahiz beste inon argitaratu eta saritu gabeak izan beharko dute. Saritutako lanaren jabetza, berriz, udalak hartuko du.

Bestalde, festetako egitarauaren diseinuaz eta maketazioaz arduratu nahi duten herritarrek uztailaren 23an, asteartea, 19:00etan hasita, Kultur Etxean egingo duten bilerara joan besterik ez duela azaldu du udalak.

Iaz Paula Nogalesek egin zuen programaren azala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide