Poltsa konpostagarriak zer saltokitan banatuko dituzten jakinarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 12a

Saltokiek poltsa konpostagarriak banatzeko lehiaketa publikoaren ebazpenaren berri eman du Urola Erdiko Mankomunitateak. Azpeitian eta Zestoan orain arteko guneetan jarraitu ahal izango dute herritarrek poltsa horiek jasotzen, baina Azkoitian izango da aldaketarik; Lujan kioskoan eta Odazpi kafetegian poltsak banatuko dituzte aurrerantzean ere, baina ez Elurre okindegian eta Amalur bideodendan. Horien ordez, Pitxin arropa dendan (Julio Urkixo, 26 behea) eta Hazia belar-dendan (Julio Urkixo 10, behea) egingo dute.

Azpeitian eta Zestoan, berriz, orain arteko denda berberek segituko dute poltsa konpostagarriak doan ematen. Azpeitian, honako saltoki hauetan eskura daitezke: Babesa arropa dendan (Urbitarte 9), Itzira gozotegian (Artzubia, 24), Xiriako kafetegian (Santio kalea, 12), Inar optikan (Jose Artetxe 10, behea) eta Urrestillako estankoan; Zestoan, berriz, honako hiru gune hauek eskainiko dute zerbitzua: Coviranek, Carrefourrek, Miantxak eta Arroa Behean Ainhara ile-apaindegiak.

Mankomunitateak bi urtez banatuko dizkie poltsa konpostagarriak saltoki horiei, 2021eko uztailaren 1era arte, hain zuzen ere. Gune horiek, gainera, eranskailu biribil bat izango dute erakusleihoan, bertan poltsak banatzen dituztela adieraziteko.

Erabiltzaileek doan eskuratu ditzakete poltsa konpostagarriak saltoki horietan, eta horiek etxeko helbidea jakinarazi beharko diete, "kontrol neurri gisa". Izan ere, urtean gehienez 12 biribilki jaso ditzake familia unitate bakoitzak. Mankomunitateak, bestalde, gogoratu du poltsa konpostagarriak soilik janari hondarrak botatzeko erabili behar direla, eta eskerrak eman dizkie hondakinak modu egokian sailkatzeko saiakera egiten duten herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide