Zestoako Portale kultur elkarteak garagardo dastaketa antolatu du datorren asteazkenerako, hilaren 17rako. EH Bier kooperatibak ekoizten duen Otsaihen garagardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, eta horiek dagoeneko eman dezakete han parte hartzeko izena, Portalen. Elkarteko bazkideek 12 euroan izango dute dastaketa, eta gainontzekoek 15 euro ordaindu beharko dute.
Guztira, sei garagardo mota dastatu ahal izango dute hara bertaratzen direnek, pintxoen laguntzarekin. Era berean, EH Bierrek edari hori nola ekoizten duen ere ezagutu ahal izango dute.
Bestalde, hilaren 19an, ostiralez, jazz kontzertua izango da Portalen. Jesus Perezek (baxua), Gonzalo Encinalek (pianoa), Aitor Zorzanok (saxofoia) eta Andoni Vazquezek (bateria) eskainiko dute kontzertua, 19:00etan hasita.