Berrikuntzekin eta eskualdeko bost kirolarirekin dator euskal pentatloia

Mailo Oiarzabal 2019ko uztailaren 10a

Hamabik eman dute izena, tartean Peñagarikano pilotari ohiak eta Aizperro arraunlari ohiak. Bi jardunalditan jokatuko dute, irailaren 7an finalaurrekoa eta 21ean finala, Azpeitiko zezen plazan

Iaz arrakastarekin berreskuratu ondoren, aurten pizgarri gehiagorekin dator herri kiroletako Euskal Pentatloi Txapelketa. Azkena jokatu zenetik 28 urtera egin zuten joan den urtekoa, Azpeitiko zezen plazan, eta aurten toki berean egingo dute berriro, baina parte hartzaile gehiagorekin eta bi jardunalditan.

Iaz, zenbait lesio tarteko, azkenean bost izan ziren irailaren 29an euskal pentatloia jokatu zutenak. Aurtengorako, berriz, hamabi kirolarik eman dute izena. Hain zuzen ere, iazko lehiakideetatik lauk –Xabier Zaldua txapeldunak, Luis Txapartegik, Aratz Mugertzak eta Jon Gisasola Zelai V.ak– errepikatuko dute esperientzia, eta beste zortzi hauek batuko zaizkie: Xabier Orbegozo Arria V.a, Joxean Olaskoaga Aizperro, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Joseba Otaegi, Kepa Peñagarikano, Beñat Amade eta Osmane Drame.

Parte hartzearen hazkundeak eraginda, bi jardunalditan jokatuko dute aurten Euskal Pentatloi Txapelketa. Irailaren 7an finalaurrekoa izango da; 18:00etan hasita, hamabi lehiakideak ariko dira zezen plazan. Lehen jardunaldi horretako sei onenak sailkatuko dira finalerako: irailaren 21ean, aurreko urtean bezala 22:00etan hasiko da aurtengo txapela nork jantziko duen erabakiko duen saio nagusia. Harri-jasotzea, gizon-proba, aizkora, txingak eta korrika izango dira aurten ere kirolariek landu beharreko probak.

Iaz bi izan baziren –bigarren sailkatu zen Txapartegi aizarnarra eta aurten parte hartuko ez duen Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra–, aurten bost dira euskal pentatloirako izena eman duten Urola Kostako kirolariak: Txapartegi bera, Arria V.a errezildarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Aizperro oriotarra eta Peñagarikano azpeitiarra. Bereziki deigarria da azken bi horien parte hartzea; arraunlari ohia bata eta esku pilotari ohia bestea, biak dira goi mailako kirol lehian zaildutakoak, baina orain arte ez dira inoiz plazaratu herri kiroletako demetan.

"Gustatu egin zitzaidan"

Pilotari profesionala izateari utzi eta bost urtera, euskal pentatloian lehiatzeko prestatzen ari da Peñagarikano. Uztarriari aitortu dioenez, iazko finala ikusten izan zen zezen plazan eta hantxe piztu zitzaion gogoa: "Gustatu egin zitzaidan, maitemindu-edo egin nintzen, eta neure bururari galdetzen hasi nintzen ea ni horrelako proba bat egiteko gai izango ote nintzatekeen. Osaba aizkolaria [Joxemiel Peñagarikano] ere pentatloia ikusten zen, eta parean tokatu eta hitz egiten hasi ginen. Aizkoran irakatsiko zidala esan zidan, eta animatu egin nintzen".

Peñagarikano ari da probarako prestatzen: "Pixkanaka hasi nintzen gauzak probatzen, eta orain, azken hilabete hauetan, serio ari naiz entrenatzen". Haren arabera, aizkorako proba izango da zailena: "Inoiz ez naiz aizkoran aritu, eta oso kirol teknikoa da. Aizkolariek txikitatik ikasten dute ofizioa, baina 38 urterekin aizkoran hasita, oso zaila da ondo ikastea. Zulo handiena hor daukat".

Pilotatik herri kiroletara jauzi egitea askorentzat bitxia izan daitekeen arren, Peñagarikanok ez du hain arraro ikusten ematera doan pausoa: "Familian beti bizi izan dugu gertutik herri kirolen mundua. Izan ere, gure osaba aizkolaria izan zen, eta familian badauzkat harria jasotzen ibilitakoak ere. Beti gustatu izan zait mundu hori, baina pilotan ibiltzen nintzenean, kanpotik ikusten nuen. Dena den, pilota laga nuenetik, beti izan dut probatzeko tentazioa. Gustatu egiten zait apustu mundua, eta azkenean, neu ere engantxatu egin naiz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide