Ekainaren 15ean udalbatza osatu ondoren, legealdi berriko aurreneko udalbatzarra egin zuten atzo, osteguna, Zestoako udaletxean. Ohi den moduan, informazio batzordeak, udal ordezkarien ardurak, ordainsariak eta bilkuren maiztasuna zehaztu zituzten lehen saioan.
Mikel Arregik azaldu zuenez, EH Bilduk EAJri proposatu dio jeltzaleek ere Udal Gobernuan parte har dezatela, baina alkateak jakinarazi zuen EAJk "uko" egin diola koalizioaren eskaintzari, haren arabera, EAJk nahiago duelako "oposizio eraikitzailea" egin legealdian zehar. "Zestoan eskemak apurtzeko eta ziklo berria hasteko unea zela uste genuen, eta penaz hartzen dugu EAJren erabakia, baina zilegi da eta errespetatzen dugu". Hori hala izanik, batzorde guztien ardura EH Bilduk izango du, eta guztira, zortzi sail osatu dituzte. Batzorde bakoitza EH Bilduko bi zinegotzik eta EAJko batek osatuko dute. Honako hau da batzordeburuen zerrenda:
- Hirigintza eta pertsonala: Ruben Alberdi.
- Ogasuna: Ruben Alberdi.
- Ingurumena eta landa garapena: Pili Perurena.
- Gaztedia, kirola eta festak: Aitor Salegi.
- Kultura eta ondarea: Nerea Odriozola.
- Euskara eta hezkuntza: Aitor Salegi.
- Gizarte harremanak eta parekidetasuna: Beatriz Zubia.
- Sozioekonomia eta herritarren parte hartzea: Mikel Arregi.
Gobernu Batzordearen ardura, berriz, Mikel Arregik izango du. Hark adierazi zuenez, memoriari eta bizikidetzari zegozkien beste batzorde bat osatzeko asmoa zuen Udal Gobernuak, baina azkenean, gai horiei dagozkien lanak Gobernu Batzordetik bideratuko ditu udalak. Bestalde, genero ikuspegia kontuan izanda, udalaren bi alkateordeak emakumezkoak izendatu zituzten: Nerea Odriozola eta Pili Perurena. Horrez gain, udalez gaindiko erakundeen ordezkariak ere zehaztu zituzten:
- Urola Erdiko Mankomunitatea: Mikel Arregi, Nerea Odriozola eta Garikoitz Mendizabal. Ordezkoak: Ruben Alberdi, Pili Perurena eta Eva Mangas.
- Urkome: Ruben Alberdi.
- Eskola kontseilua: Mikel Arregi.
- Ur Kontsortzioa: Ruben Alberdi.
- San Juan adinekoen egoitza: Mikel Arregi (lehendakaria), Beatriz Zubia eta Katixa Monreal.
- Uema: Mikel Arregi, Nerea Odriozola eta Garikoitz Mendizabal.
- Ekain fundazioa: Mikel Arregi.
- Haurreskola fundazioa: Beatriz Zubia.
Soldatei dagokienez, aurreko agintaldikoak baino ordainsari txikiagoa izango du oraingo alkateak. Hain zuzen ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako langileen lan baldintzak finkatzen dituen Udalhitz hitzarmeneko 25. mailatik 21.era jaitsi dute haren soldata, eta beraz, urtean 44.000 euro gordin irabaziko ditu Arregik. "Alkateak soldata duina behar duela argi dago, baina ulertzen dugu beste soldata batzuk ere duinak direla, eta horregatik proposatu dugu soldata jaistea".
Guztira, Zestoako Udalbatzako hiru zinegotzik izango dute liberazioren bat, osoa edo partziala. Arregik %100eko liberazioa izango du, eta Ruben Alberdik eta Nerea Odriozolak, herena. Aurreko agintaldian liberazio oso bat eta beste erdi bat izan zuen udalak, eta orain, liberazio erdia bi herenetara igo dute.
Zestoako EAJ ados agertu zen ia puntu guztietan, soldaten zenbatekoan eta liberazioetan izan ezik. Taldeko bozeramaile Garikoitz Mendizabalek "populistatzat" jo zuen alkatearen soldata jaitsiera, eta horretarako "beharrik" ez zegoela gaineratu zuen, kargu hori betetzeak eragiten duen "ardura" kontuan izanda. Hori hala, jeltzaleak abstenitu egin ziren soldaten gaineko erabakia hartzerakoan, baina aurka bozkatu zuten udal ordezkarien liberazioei dagokienez: "Denborak esango du, baina Hirigintza sailak lan karga handia du, eta haren ardura duenak liberazio herena edukitzea ez da serioa", arrazoitu zuen Mendizabalek. Ruben Alberdi da Hirigintza batzordeko arduraduna, eta hark erantzun zion sail horretako lan sistema aurretik ere ezagutzen duela, eta liberazio herenarekin "lan on bat egiteko moduan" izango direla. Arregik, berriz, soldata jaistea "herrira egokitzeko" neurria izan dela erantzun zion Mendizabali.