Zestoan amabirjinak antolatzen jarraitzen dute, eta datorren asteazkenean, hilaren 10ean, bigarren bilera egingo dute udalak eta herritarrek. Egun horretan, 20:00etan elkartuko dira, Kultur Etxean.
Udalak adierazi duenez, dagoeneko finkatu dituzte festen datak: irailaren 6an, ostiralean, botako dute txupinazoa, eta egun horretan eta igandean izango dira zekorketak. Era berean, profesionalen arteko pilota partidak ere orduan izango dira, baina lehengo ohiturari jarraituz, afizionatuen arteko norgehiagokak ere izango dira aurten, zekorketen ondoren. Paella txapelketa eta bazkaria, berriz, larunbatean egingo dituzte kuadrilek. Bestalde, Umeen eguna irailaren 9a, astelehena, izango da, eta igandean Adinduen eguna ospatuko dute. Egun hrretan, gainera, Euskal Herriko txistularien alardea egingo dute, eta hitzordu horretan euskal musikari "ezagun ugarik" parte hartuko dutela aurreratu dute. Festen aurreko asteburuan ere izango da zer gozaturik herrian, besteak beste, Gazte eguna ospatuko dutelako abuztuaren 31n. Dena den, udalak esan du oraindik badaudela zehazteke dauden ekitaldiak, hala nola ikurrinari gorazarre egitea, alkate neska-mutilen saioa, txakolin dastaketa eta txupinazoa nork botako duen erabakitzea. Hori dela eta, asteazkeneok bileran parte hartzeko dei berezia egin die herritarrei.