Zestoako Bainuetxearen ondoko zubia, GI-831 errepidean herritik Azpeitira biderako irteeran dagoena, obretan dago. Duela bi aste hasi zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak zubia konpontzeko eta hainbat mantenu lan egiteko gauzatuko dituen lanak. Lau hilabete inguru iraungo dute lanok, aldundiaren aurreikuspenen arabera. Beraz, udazkenean bukatuko dituzte.
Lanak hasi zituztenetik, errei bat itxita dago trafikoarentzat. Hori dela eta, ibilgailuei txandaka ematen diete pasoa toki horretan, semaforoen bidez.
Hainbat hobekuntza
Zubiaren egitura sendotzeko eta berritzeko hainbat lan iragarri ditu Bide Azpiegituren departamentuak: gainazalak garbituko dituzte; hormigoia pikatu eta hormigoizko egiturak berrituko dituzte; pitzadurak injektatuko dituzte, ondoren karbonatazioaren kontrako pintura ezartzeko; zubiaren habeetan karbono zuntzezko xaflak ere jarriko dituzte; zubiaren drainatze sistema hobetuko dute eta zabalkuntza junturak berrituko dituzte; eta harri-horma konponduko dute.
Aldundiak ia 300.000 euroko aurrekontua bideratu du aipatutako lanak egiteko.