Zestoako Udalak UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dionez, aste honetan amaituko dituzte kiroldegiko urbanizazio lanak. Gorka Unanuek, joan den agintaldian Hirigintza Batzordeburu zenak, urtarrilean esan zuen "udaberrian zehar" zabalduko zutela kiroldegia, baina obrak atzeratu egin dira. Mikel Arregi Zestoako egungo alkateak jakinarazi duenez, aste honetan bertan emango dizkiote udalari eraikineko giltzak, baina oraindik ezingo dute herritarrentzako zabaldu gunea. Izan ere, orain administrazio kontuak egin behar dituzte, eta ekipamendua osatzeko dago oraindik. Arregiren arabera, Zestoako Udalaren helburua da kiroldegia irailean zabaltzea.
Herritarren eskaerari erantzunez, 2017. urtearen amaieran hasi zen Zestoako Udala kiroldegia berritzen. Hasieran, iazko urtearen amaierarako obrak bukatzea espero zuten, baina bidean topatu dituzten zailtasunak tarteko, atzeratu egin da data hori. Uneotan, irudietan ikus daitekeen itxura du kiroldegiak.