Eromen Produkzioakeko kideek gaur aurkeztu dute ekainaren 24tik 29ra egingo den aurtengo Zestoako Antzerki Astea. Aurrez jakinarazitako egitarauari errepasoa egin diote, azken orduko aldaketa baten berri eman dute, eta beste behin, herriko kultur azpiegituren gabeziak nabarmendu dituzte. Aurkezpena egiteko aukeratu duten Kultur Etxeko areto nagusia da horre adibide; aretoaren espazio gabeziak ahaztu gabe, haren egoera kaskarra salatu eta paretetan "arrakalak" dituela azaldu dute.
Kultur aretoaren mugek bultzatuta, besteak beste, prestatu dute Eromenekoek datorren astean aurkeztuko duten beren lehen kale antzerkia: Florida. Hiru egunetan emango dute, 24an, 25ean eta 26an, hiruretan Lili jauregian hasita, 22:30ean. 23 aktorek parte hartuko dute Amancay Gaztañagak sortutako lanean, baita Zestoako Musika Bandako hainbat musikarik ere. Hiru emanaldietarako sarrerak agortuta daude; 65 lagunek gozatu ahal izango dute Floridaren ikuskizunaz gau bakoitzeko. Kale antzerkirako eguraldia lagun izatea espero dute; hala ez bada, berriz, Kultur Etxean emango dute, "baina ez aretoan, noski, ez baikara kabitzen".
Aldaketak Orlac-en eskuaken emanaldietan
Guztira, hiru antzezlan estreinatuko ditu Eromen Produkzioakek berak antolatutako Antzerki Astean, sei emanalditan. Aipatutako Floridaz gain, antzerki eskolako aktore gazteenek lehen egunean taularatuko duten Bi ni, eta Ainhoa Odriozola taldekideak idatzitako Orlac-en eskuak. Hain zuzen ere, azken horri lotuta dator gaur iragarri duten egitarauaren aldaketa. Hilaren 27an eta 28an ematekoa zuten, hasieran, Orlac-en eskuak, baina 27ko emanaldia bertan behera utzi behar izan dute, eta iragarritako bi emanaldiak egun berean egin beharko dituzte, 28an, 19:30ean lehena eta 21:00etan bigarrena. 27rako sarrerak dituztenek 28ko lehen emanaldira, 19;30ekora, joateko aukera izango dute; bestela, sarrerak itzuli eta dirua berreskura dezakete, Turismo Bulegora joanda edo 637 906 737 telefonora deituta. 28ko emanaldirako sarrerak dituztenek ere kontuan izan behar dute ordu erdi beranduago hasiko dela emanaldia, 21:00etan.
Sarrerak, mahai ingurua eta tailerra
Sarrera gehientsuenak saldu badituzte ere –Floridarako guztiak, esaterako–, "oraindik batzuk gelditzen" direla esan dute aurkezpenean, bai Orlac-en eskuak ikusteko, bai azken egunean, hilaren 29an, Axut taldeak emango duen Zazpi senideko ikusteko.
Baina antzerki emanaldiak ez dira izango Zestoako Antzerki Astearen osagai bakarrak. Horrela, hilaren 27ko mahai inguruan zein 29an Amancay Gaztañagak emango duen antzerki tailer irekian parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrek Eromenekoek; bi ekitaldi horiek jubilatuen tabernan egingo dituzte.
Herri antzerkia. Norentzat eta zertarako? Kultur Mahaiaren garrantzia izenburua jarri diote mahai inguruari. Ander Lipusek, eta Azpeitiko Kulturaz Kooperatibako, Oñatiko kulturgintzako eta Durangoko Karrika antzerki taldeko kideek hartuko dute hitza, Amancay Gaztañagak gidatutako saioan; kulturgintzan dabiltzanak ez ezik, herritar guztiak animatu dituzte bertara. Baita azken eguneko antzerki tailerrera ere; bertan, jolasen eta ariketen bidez, aktoreek lantzen dituzten teknikak erakutsiko ditu Gaztañagak. Oraindik eman daiteke izena tailerrean, 636 906 737 telefonora deituta.
Egitaraua
Hau da aurtengo Zestoako Antzerki Astearen egitaraua:
Ekainak 24, astelehena
19:00. Bi ni haurren antzerkia. Kultur aretoan.
22:30. Florida kale antzerki ibiltaria. Lili jauregian.Ekainak 25, asteartea
22:30. Florida kale antzerki ibiltaria. Lili jauregian
Ekainak 26, asteazkena
22:30. Florida kale antzerki ibiltaria. Lili jauregian
Ekainak 27, osteguna
18:30. Herritarrentzat mahai ingurua: Herri antzerkia. Norentzat eta zertarako? Kultur Mahaiaren garrantzia. Jubilatuen tabernan.
Ekainak 28, ostirala
19:30. Orlac-en eskuak. Kultur aretoan.
21:00. Orlac-en eskuak. Kultur aretoan.Ekainak 29, larunbata
11:00-12:30. Herritarrentzat antzerki ikastaro irekia emango du Amancay Gaztañagak, jubilatuen tabernan.
20:00. Zazpi senideko. Kultur aretoan.