Jeltzaleek EH Bilduri eman diote alkate makila Zestoan, joan zen maiatzeko udal hauteskundeetan koalizioak gehiengo osoa eskuratu ondoren. Gaur, larunbata, ezohiko udalbatzarra egin dute Zestoako udaletxean, eta bilkura aretoa goraino beteta zela osatu dute hango udalbatza. Mikel Arregik hartu du alkate makila, eta kargu hori betetzea "ohore eta erantzukizun handia" dela esan du.
Arregik hainbat gai jorratu ditu bere hitzartzean, eta besteak beste, alderdiek elkar ulertzearen garrantzia azpimarratu du saioan: "Askotan, politikak gotortu egiten gaitu, eta bada garaia hori gainditzeko". Atzera begiratu, eta Errepublika garaiko Zestoako azken alkate Eugenio Alkorta (EAJ) izan du gogoan Arregik, eta ildo horretan, memoria historikoa lantzeko udalak ikerketa bat egin behar duela esan du. Indarkeria eta giza eskubideak ere izan ditu hizpide saioan, eta ikuspegi horretan honako autokritika egin nahi izan du Arregik: "Giza eskubideen urraketa batzuen salaketak egin izan ditut; aldiz, beste giza eskubideen urraketa batzuk gertatu izan direnean, bestaldera begiratu izan dut". ETAk borroka armatua amaitu badu ere, oraindik orain "beste indarkeria batzuk" jarraitzen dutela gaineratu du alkateak, eta besteak beste, azken 30 urteetan Cabo Verden deportatuta dagoen Antton Olaizola zestoarraren egoera salatu du: "Ziklo berria aurrera eramateko, etxera itzuli behar dute", berretsi du.
Zestoako Udalak, erakunde "txikia eta xumea" izanagatik, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alorrean "norabidea zehaztu" behar duela ere esan du Arregik: "Ez gara benetan ohartzen emakumeek, emakume izate soilagatik zer zama duten. Demokraziak eta justiziak, beraz, feminista behar dute izan". Bide horretan, herriko eragile feministek udalean lekua izango dutela jakinarazi du.
"Oposizio eraikitzailea"
Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak, bestalde, Arregi eta Zestoako EH Bildu zoriondu ditu, eta jakinarazi du bere taldeak "oposizio eraikitzailea eta alternatiboa" egingo duela datorren agintaldian. Era berean, udaleko bi talderen arteko "harreman zintzoaren, gizatiarraren eta naturalaren" aldeko hautua egin du jeltzaleak, modu horretara ordezkarien arteko hartu-emana "errazagoa" izango delakoan eta herrian "irudi hobea" emango dutelakoan.