Azkoitia eta Azpeitia aurrez aurre izango dira Gipuzkoako Herriartekoaren finalaurrekoetan

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 10a

Final laurdenetan, Azkoitiko esku pilotariek 5 eta 1eko emaitzarekin kanporatu dute Altzo, eta Azpeitikoek 6 eta 0ekoarekin Hernani. Azkoitian jokatuko dituzte kanporaketaren joaneko partidak, asteburu honetan. Zestoa, berriz, finalaurrekoen atarian gelditu da, Astigarragarekin 4 eta 2 galdu ondoren.

Azpeitiko pilotariak Hernanin, final laurdenetako kanporaketaren itzulerakoan. (Ilunpe pilota elkartea)

Duela bi urte final laurdenetan bezala, aurten finalaurrekoetan egokitu zaie elkarren kontra aritzea Azkoitiari eta Azpeitiari, esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Zestoa, aldiz, txapelketaren azkenaurreko kanporaketan sartzeko aukerarik gabe gelditu da.

Joan den ostiralean jokatu zituzten final laurdenetako kanporaketen itzulerako partidak Azkoitiak eta Azpeitiak. Azkoitiarrek etxean jokatu zuten, joanekoan Altzon lortutako 1 eta 2ko abantaila alde zutela. Gurea pilotalekuan, emaitza borobildu zuten Azkoitiko pilotariek eta 3 eta 0 nagusitu ziren: 22 eta 19 irabazi zuten kadete mailako partida, 22 eta 17 jubenilena, eta 22 eta 6 seniorrena.

Azpeitia, berriz, astebete lehenago Izarraitz frontoian lortutako abantaila argiaren koltxoiarekin joan zen Hernanira. 3 eta 0 irabazi zuten azpeitiarrek joanekoan, eta beste horrenbeste egin zuten itzulerakoan, 6 eta 0eko emaitza sinatzeko: 5 eta 22 irabazi zuten kadeteek –finalaurrekoetarako sailkapena hasieratik ziurtatuz–, 16 eta 22 jubenilek, eta 19 eta 22 seniorrek. Herriartekoaren zazpigarren txapelaren bila egiten ari den bidean, partidarik galdu gabe iritsi da Azpeitia, egungo txapelduna, finalaurrekoetara.

Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko finalaurrekoaren joaneko partidak Azkoitiko Gurean jokatuko dituzte, asteburu honetan.

Zestoa, kanpora

Herriartekoaren finalaurrekoen atarian gelditu da, aldiz, Zestoa. Larunbatean jokatu zituzten zestoarrek Astigarragaren kontrako itzulerako partidak, etxean. Joanekoan izandako emaitzak ikusita –2 eta 1 Astigarragaren alde, eta tanteoan alde handiarekin–, hasterako zekiten ez zutela lan errazik izango, eta ez zen ezustekorik izan. Joanekoan bezala, jubeniletan erraz nagusitu ziren zestoarrak (22 eta 10), baina beste bi neurketetan garbia izan zen, era berean, Astigarragaren abantaila: 4 eta 22 kadeteetan, eta 11 eta 22 seniorretan. Horrenbestez, 4 eta 2 galdu zuen kanporaketa Zestoak.

Astigarragak eta Ataunek jokatuko dute Gipuzkoako Herriartekoaren beste finalaurrekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide