Gipuzkoako Eskola Txikien festa egin zuten atzo, igandea, Usurbilgo Aginaga auzoan, eta jaiaren hasieran Aizarnako eskolako kideek hartu zuten hurrengo urterako lekukoa. Izan ere, 2020an han ospatuko dute Eskola Txikien festa; ekaineko bigarren igandean izaten da urtero Gipuzkoako Eskola Txikien festa, eta datorren urtekoa ekainaren 14an egokituko da.
Aizarnako eskolako kideek kantuz jaso zuten atzo hura antolatzeko ardura, Noaua aldizkariak grabatutako honako bideo honetan ikus daitekeenez:
Eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko eta herrietako eguneroko bizitzan duten eragina azpimarratzeko asmoz antolatu ohi dute urtero Gipuzkoako Eskola Txikien festa. Iaz, esaterako, Oikian ospatu zuten jai handia, eta duela bi urte Arroabean.
Aizarnan, lehen aldiz
Datorren urtekoa ez da Aizarnako eskolak eskola txikien festaren antolakuntzan parte hartuko duen lehen aldia; bai, ordea, festa Aizarnan bertan egingo duten aurrenekoa. Urtebete dute aurretik, baina festa prestatzeko antolatzen hasiak dira aizarnarrak. "Hasita gaude prestatzen, batik bat geure artean nola antolatu", azaldu du Ane Aranburuk.
Guraso elkarteko kide da Aranburu, eta 2020ko eskola txikien festa antolatzeko sortu duten talde eragileko kide ere bai. Sei batzorde izendatu dituzte, datorren urteko egun bereziari begira lanak banatzeko: arropak eta salmentak, trafikoa, ikuskizunak eta programazioa, ekonomia eta diru zaintza, hornidura eta zerbitzuak, eta komunikazioa. Batzorde bakoitzeko arduradunak beharrezkoa duten lantaldea osatzen joango dira, eta "egunean bertan boluntarioen laguntza" ere beharko dutela gogoratu du Aranburuk. Oikiako eta Arroabeko eskoletakoekin egon dira dagoeneko Aizarnazakoak, haien esperientziak ezagutzeko eta beraientzat baliagarriak izan daitezkeen ideiak jasotzeko asmoarekin.
Aizarnak "200 biztanle inguru" ditu, eta eskola txikien sarean, beraiena "txikietan txiki" dela nabarmendu du Aranburuk. Amaitzear den 2018-2019 ikasturtean, 2 eta 12 urte arteko 30 ikasle ditu Aizarnako eskolak.