Ekain aurkitu zutenak omendu dituzte kobazuloaren aurrean

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 9a, 13:14

Atzo bete ziren 50 urte Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri Antxieta arkeologia taldeko kideek Ekain aurkitu zutenetik, eta gaur, aitortza egin diete leizearen parean. Urteroko Ekainfest jaia egiten ari dira Zestoan, eta haren barruan egin dute gaurko ekitaldia.

Atzo 50 urte bete ziren Ekain aurkitu zutenetik, eta kobazuloa aurkitu zutenak omendu dituzte gaur, haitzuloaren sarreran. Hain zuzen ere, Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri azpeitiarrei –Antxieta arkeologia taldeko kideak– aitortza egin diete; Albizuri zenaren alargunak, Maria Jesus Arregik, ordezkatu du senarra ekitaldian. Urteroko Ekainfest festaren barruan egingo diote tartea aurkikuntzaren mende erdiari.

Fernando Arzallus Zestoako Udaleko kultur teknikariak aurkeztu du ekitaldia, eta bertan izan dira Zestoako eta Debako alkateak, Aranzadiko ordezkariak, Antxietako kideak, aldundiko ordezkariak eta Rezabalen eta Albizuriren senitartekoak, beste hainbat herritarrekin batera. Aranzadiren izenean hitz egin du kide batek, eta hark nabarmendu du aurkikuntzaren sasoiko jende asko falta dela, dena aldatu dela, baina gauza batzuk hoberako izan direla: besteak beste, leizearen erreplika bat  dagoela gogoratu du, kobazuloa zainduta dagoela, eta gaur egun,, jendean historia ikasteko aukera duela. Gainera, azaldu du gaurkoa bezalako ekitaldiak beharrezkoak direla, "egindakoari merezimendua" emateko.

Josetxo Mendizabal Zestoako jarduneko alkateak, berriz, "zorionez", Ekainberriri esker, turismoari erantzun bat eman ahal izan zaiola nabarmendu du. "Eguneroko lan horretan, eta kudeatzaileei esker, Zestoak bere lekua izatea lortu du kulturaren eta turismoaren barruan. Ari gara pixkanaka aurreratzen", adierazi du.

Horren ostean, Albizuriri eta Arregiri oroigarri bana eman diote, eta loreak jarri dituzte Ekaingo leizearen plakaren ondoan. Segidan, bi omenduek hartu dute hitza, eta esker hitzak baino ez dituzte izan bertaratu diren guztietantzat. Hunkituta agertu dira protagonistak.

Era berean, Ekainfest eguna ari dira ospatzen gaur Zestoan, eta egun osoan zehar hainbat ekintza izango da. Hona hemen egitaraua:

-Ekainberri-Sastarrain
11:00. Ekaingo aurkikuntzaren 50. urteurreneko ospakizun ekitaldia.
11:00-15:00.
– Ekainberriko erreplika ezagutzeko bisitak eta Lili jauregiko bisita antzeztuak, doan.
– Historiaurreko kanpamendua eta ekintzak, Ekainberriko ondoko zelaian.
– Zalditegiko lanen zein baserri giroko tailerrak emango dituzte Sastarrain baserri eskolan, umeentzat. Tailer bakoitzaren prezioa 3 euro da; izena aurrez eman behar da, 943-14 81 15 telefonora deituta.
12:00-14:00. Parrilan prestatutako pintxoak. Eusko labeldun txerri saiheskiak eta Ekain hanburgesak prestatuko dituzte.
13:00. Irrien Lagunak, Zatoz jolastera ikuskizunarekin.

-Zestoako herrigunea
11:00-15:00. Tren turistikoa.
11:00-14:00. Historiaurreko Pintxo Tourra: pintxo bereziak herriko tabernetan.
15:00. Ertxiña musika eskolako perkusio taldearen emanaldia, udaletxe azpian.
11:00-15:00. Ekainfest 2019 menu bereziak dastatzeko aukera izango da herriko jatetxeetan.

Ikusi hemen omenaldian eta Ekainfesteko ekintzetan hartutako irudiak:

[flickr_set id="72157708999781868"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide