Jai giroa nagusi da gaur Aizarnan. Eguraldi bikainak lagunduta, Pazko Festaz ederko ari dira gozatzen bertakoak zein bisitariak.
Zestoako Idiakaitz txistulari taldekoen kalejirarekin hasi dute festa eguna Aizarnan. Artisau azoka izan da lehen orduetako protagonista, baina haurrak ere ez dira atzean gelditu, eta katiluak margotzen eta marrazkiak egiten eman dituzte eguerdi parteko orduak. Erakusketa bitxi bat ikusteko aukera ere izan da: herritarrek etxetik eramandako eraberritutako edota apaindutako aulkiena.
Bazkalordua gerturatu heinean, plazan erre duten txahalaren peskizan hasi da jendea; haragi pintxoekin eta sagardo dastaketarekin goxatu dituzte sabelak gaur Aizarnan.
Bazkalondoko atsedenaren ostean, Zestoako IX. Trikitilari Gazteen Txapelketarekin jarraituko dute festa arratsaldean, 17:00etan hasita. Eta Pazko Eguna borobiltzeko, kantu poteoan ibiliko dira aizarnarrak, trikilariek lanak bukatu ondoren.
Hemen, goiz eta eguerdi parteko argazki batzuk (argazkiak: Ane Aranburu):