Data hauetan ohikoa den bezala, aurten ere iristear da Zestoako Antzerki Astea. Eromen Produkzioakek antolatu du, eta ekainaren 24tik 29ra egingo dute. Aste horretan, hainbat antzezlan ikusteko eta bestelako ekintzez gozatzeko aukera izango da Zestoan.
Edizio honetan, guztira, lau obra taularatuko dituzte. Bi ni haurren antzezlana izango da ikusi ahal izango den aurrena; hilaren 24an antzeztuko dute umeek, 19:00etan, Kultur Etxeko areto nagusian. Egun berean, Amancay Gaztañaga Eromen taldeko zuzendariak sortutako Florida kale antzerkia emango dute Lili Jauregiaren inguruan, 22:30ean. Eromen Produkzioak eskainiko duen lehen kale antzerkia izango da ekainaren 24koa, eta hainbat musikarik ere parte hartuko dute emanaldian. Ekainaren 27 eta 28an, berriz, Orlacen eskuak antzezlana eskainiko dute Kultur Etxeko aretoan. Ainhoa Odriozola arduratu da antzezlanaren testua idazteaz, eta Amancay Gaztañagak zuzendu du obra. Astea amaitzeko, ekainaren 29an, Ander Lipusek zuzendutako Zazpi senideko antzezlana ikusi ahal izango da Kultur Etxeko aretoan, 20:00etan.
Emanaldi horietarako sarrerak eskuratu nahi dituztenek, bihartik –ostirala– aurrera izango dute horretarako aukera. Eromen taldekoak Erdikalean izango dira bihar, eta datorren asteartetik aurrera –ekainak 11–, Zestoako turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira. Antzezlan bakoitzerako txartelez gain, obra guztiak ikusteko bonoa ere eros daiteke, 18 euroren truke.
Ekintza berriak
Antzerki Astearen barruan, bi ekintza berri ere antolatu dituzte Eromen taldekoek. Herri antzerkia, norentzat eta zertarako? Kultur-mahaiaren garrantzia mahai ingurua egingo dute ekainaren 27an, eta saioan, inguruko herrietako adituek parte hartuko dute. Jubilatuen elkartean izango da solasaldia, 18:30ean. Horrez gain, antzerki ikastaro irekia izango da ekainaren 29an, Amancay Gaztañagak gidatuta. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena 636 906 737 (Goizane) telefonoan.