Aizarnako ludotekak itxura berria du duela aste batzuez geroztik, hura erabiltzen duten umeen gurasoek gunea auzolanean eraberritu ostean. Martxoan abiatu zuten ludoteka eraberritzeko parte hartze prozesua, eta han egindako bileretatik ateratako proposamena gauzatzen aritu dira gurasoak astez aste. Besteak beste, erabileraren arabera banatu dute espazioa, eta 12 urtera arteko umeek jolasteko materiala gehitu diote zerbitzuari. Lan guztiak amaituta, joan zen maiatzaren 24an ospakizun giroan ireki zituzten itxuraberritutako txokoaren ateak.
Auzoko Kultur Etxean dago atonduta umeentzako ludoteka, eta haiek jolasteko ez ezik, auzotarrek beste hainbat jarduera egiteko ere erabiltzen dute espazioa. Gurasoen elkarteak kudeatzen du ludoteka, eta horiek arduratzen dira zerbitzua aurrera eramateaz edota azpiegituraren mantenuaz. Ane Aranburu eta Ainhoa Sarasola dira horietako bi, eta haien esanetan, hainbat hutsuneren ondorioz erabaki zuten gurasoek ludotekari itxura berria ematen hastea. "Ludoteka 0-12 urte bitarteko umeentzat dago egokituta, baina igartzen genuen jostailu txikienak oso txikientzat zirela. Behar horretatik abiatuta, ludoteka bera eraberritzea pentsatu genuen". Izan ere, adin tarte handia duten umeek bat egiten dute Aizarnako ludotekan, eta "guztientzako" egokitu nahi izan dute gunea, eta besteak beste, eskulanak egiteko materiala eta mahai jolasak txertatu dituzte gunean.
Jostailu guztiak espazio berean zituzten orain arte, eta orain, jardueren arabera banatu dituzte espazioak. Horretarako, gune lasaia eta aktiboa bereiztu dituzte. Egun, irakurtzeko, sormenerako, eraikuntzarako, mozorrotzeko, sukaldean egiteko, saltoka ibiltzeko edota mahai jokoetan aritzeko txokoak banatuta dituzte umeek. Hori dena egin ahal izateko, "guraso guztiek" jarri dute beren alea, materiala biltzen, ludotekan zegoen etxea konpontzen, hormak margotzen edota apalak jartzen.
Ume eta helduen ekarpenak
Guraso elkartearen asmoa izan da ludoteka parte hartze prozesu baten bidez eraberritzea, eta hala egin dute, besteak beste, Zestoako Udalak emandako laguntzari esker. Proiektua umeen zein gurasoen ekarpenen bidez gauzatzeko, martxoan hasi zuten parte hartze prozesua, eta Txatxilipurdi elkarteak bideratutako lau saio egin zituzten gurasoek eta umeek. "Materialari, espazioari, funtzionamenduari eta harremanari buruzko beharrak eta proposamenak jaso zituzten saio haietan, eta ideia horietatik abiatuta, proposamen bat osatu zuen elkarteak".
Proposamen horretatik abiatuta gauzatu dute egitasmoa, eta prozesuan helduek nahiz umeek parte hartu izana goraipatu dute Aranburuk eta Sarasolak, zerbitzuarentzat "mesedegarria" izango delakoan: "Umeek berena sentitzen dute ludoteka, prozesuan beraiek ere parte hartu dutelako. Sinesten dugu horrek eragina izango duela, esaterako, materiala zaintzerako orduan eta ludotekak hartuko duen dinamikan".