Zestoako IX. Trikitilari Gazteen Txapelketa egingo da larunbatean Aizarnan

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 4a

Zazpi bikotek parte hartuko dute larunbatean, ekainak 8, Aizarnan egingo den IX. Trikilari Gazteen Txapelketan. Parte hartuko duten trikitilarietako eta pandero-jotzaileetako bederatzi eskualdekoak dira.

Zestoako VIII. Trikitilari Gazteen Txapelketako irabazleak. (Nerea Uranga)

Datorren larunbatean, ekainak 8, Pazko Festa ospatuko dute Aizarnan, eta egitarauaren baitan, 17:00etan Zestoako IX. Trikitilari Gazteen Txapelketa egingo da. Guztira, zazpi bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta lehiatuko diren trikitilarietatik eta pandero-jotzaileetatik bederatzi eskualdekoak dira.

Honako hauek dira txapelketan lehiatuko diren bikoteak: Ane Uranga eta Nerea Lopetegi zestoarrak; Eider Garro eta Araitz Elizalde hernaniarrak; Iraia Arteaga azpeitiarra eta Nahia Dorronsoro bidaniarra; Julen Labaka errezildarra eta Garazi Larrañaga azpeitiarra; Ane Urbieta eta Iraia Korta zestoarrak; Ane Etxezarreta olaberriarra eta Sara Iriarte villabonarra; eta Intza eta Maria Illarramendi ahizpa zestoarrak.

Joan den urteko VIII. Trikitilari Gazteen Txapelketa Arroagoiko Santio-Santana jaietan egin zen, eta Eneko Urkola arrasatearra eta Julene Sarabia zaldibiarra nagusitu ziren txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide