Zapatuan, ekainaren 8an, beteko dira 50 urte Ekaingo kobazuloa aurkitu zutela, eta bezperan zein biharamunean festa giroan ospatuko dute aurkikuntzaren urteurrena, ostiralean Donostian eta igandean Zestoan.
Zestoan, urteroko Ekainfest egun osoko festaren barruan egingo diote tartea aurkikuntzaren mende erdiari. Donostian, berriz, 50. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitarauaren ekitaldi nagusia egingo dute hilaren 7an Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Ekain Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ekainberrik antolatu dute egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Donostiako, Debako eta Zestoako udalen babesarekin.
Donostiako galaren berri emateko agerraldia, berriz, atzo egin zuten Azpeitian Eneko Etxeberria jarduneko alkateak eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak. Izan ere, Ekain aurkitu zutenak omenduko dituzte ostiralean Viktoria Eugenian: Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri azpeitiarrak, Antxieta arkeologia taldeko kideak; Albizuri zenaren alargunak, Maria Jesus Arregik, ordezkatuko du senarra ekitaldian.
Antxietakoei gorazarre
Etxeberriaren aburuz "Euskal Herriak eman duen belaunaldi onenaren" barruan kokatu behar dira Ekaingo koba aurkitu zutenak, Francoren diktadurapeko "garai ilunetan" hainbat esparrutan gaur egungo Euskal Herriaren oinarriak jarri zituen belaunaldiaren barruan, hain zuzen. "Gerra galdu zuten gurasoen seme-alabak ziren eta Euskal Herria goitik behera aldatu zuten", esan du Etxeberriak, Rezabalen, Albizuriren eta Antxietakoen lana goratuz. "Herriaren alde lana" egiteko zuten nahia eta grina ere aipatu ditu. Albizuri zena hizpide hartuta, haren bizitzak "liburu bat merezi" duela nabarmendu du: "Hura ezagutzeko plazera izan nuen. Hainbat alditan atxilotua, torturatua, asko sufritu zuen pertsona bat izan zen, baina beti aurrera egin zuena. Bere izena eta Rafaelena, zorionez, Euskal Herriko historian urrezko letretan kokatuta daude".
Ekaingoa "Euskal Herrian egin den Historiaurreko aurkikuntza inportanteena" dela gogoratu ondoren, kobazuloa "Azpeitiko kultur dinamikari esker aurkitu" zutela nabarmendu du Agirrek, eta horrek ere goraipatu ditu Rezabalen eta Albizuriren jarduna, ikerlari sena eta "jakinduria", aurkitutakoa "komunitate zientifikoaren eskuetan" jartzean erakutsi zutena, besteak beste. "Geroztik, kobazuloa beti egon da itxita, zainduta, eta egoera ezin hobean dago", azaldu du Agirrek.
Sarrerarekin, liburua
Azpeitiarren aitortzarekin bukatuko da Viktoria Eugeniako ekitaldia. Aurretik, 50. urteurrena ospatzeko osatu duten 20 minutuko dokumentala aurkeztuko dute –hor ere jaso dituzte Antxietakoen lekukotzak–, eta musika eta dantza ere ez dira faltako. Ekaingo kobazuloan bizi ziren gizakien bizimodua oholtzara eramango dute, "modu sinbolikoan", Tanya Tagaq abeslari inuitak, Dantzaz konpainiak, Donostiako Orfeoi Gazteak, Ainhoa Aierbe aktoreak eta Xabier Anuntzibai margolariak.
Agirrek eta Etxeberriak azpeitiarrak eta eskualdeko bizilagunak ostiraleko ekitaldira joatera gonbidatu dituzte. Sarrerak 12 eurotan eros daitezke, Interneten edo leihatilan. Sarrerarekin batera, Ekaingo aurkikuntzari eskainitako liburu monografiko berria jasoko dute ikus-entzuleek.
Ekainfest ere prest
Datorren igandean, ekainak 9, Ekainfest jaia ospatuko dute Zestoan, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldi izango da Sastarrain inguruan eta herrigunean. Hona hemen egitaraua:
-Ekainberri-sastarrain
11:00. Ekaingo aurkikuntzaren 50. urteurreneko ospakizun ekitaldia.
11:00-15:00.
– Ekainberriko erreplika ezagutzeko bisitak eta Lili jauregiko bisita antzeztuak, doan.
– Historiaurreko kanpamendua eta ekintzak, Ekainberriko ondoko zelaian.
– Zalditegiko lanen zein baserri giroko tailerrak emango dituzte Sastarrain baserri eskolan, umeentzat. Tailer bakoitzaren prezioa 3 euro da; izena aurrez eman behar da, 943-14 81 15 telefonora deituta.
12:00-14:00. Parrilan prestatutako pintxoak. Eusko labeldun txerri saiheskiak eta Ekain hanburgesak prestatuko dituzte.
13:00. Irrien Lagunak, Zatoz jolastera ikuskizunarekin.
-Zestoako herrigunea
11:00-15:00. Tren turistikoa.
11:00-14:00. Historiaurreko Pintxo Tourra: pintxo bereziak herriko tabernetan.
15:00. Ertxiña musika eskolako perkusio taldearen emanaldia, udaletxe azpian.
11:00-15:00. Ekainfest 2019 menu bereziak dastatzeko aukera izango da herriko jatetxeetan.