Pazko Festa ospatuko dute Aizarnan ekainaren 8an

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 30a

Ekainaren 8an, larunbata, Pazko Festa izango da Aizarnan, eta egun osoko egitaraua antolatu dute herritarrek. Artisau postuak, txahal errea eta sagardoa dastatzeko aukera eta Trikitilari Gazteen Txapelketa egongo dira, besteak beste.

2018ko Aizarnako Pazko Festako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Beste urte batez, Pazko Festa ospatuko dute Aizarnan ekainaren 8an, larunbata. Goizetik hasita hainbat ekitaldi izango da herritarren gozamenerako; 11:00etan artisau postuak jarriko dituzte plazan, eta Idiakaitz taldeko txistulariek alaituko dute giroa. Bestetik, egun osoan zehar aulki artisikoen erakusketa ikusteko aukera izango da Aranburu jatetxeko aparkalekuan. Jan-edanerako aukera ere izango dute aizarnarrek, 14:00etatik aurrera txahal errea eta txotxeko sagardoa dastatzeko aukera izango baita; hamar eurotan salduko dituzte txahala jateko txartelak, eta bi eurotan sagardo basoa. Horrez gain, eguerdira bitartean talo postua ere egongo da. Arratsaldean, Zestoako IX. Trikitilari Gazteen Txapelketa izango da, eta horren ostean kantu poteoarekin jarraituko dute festan.

Hona hemen Pazko Festako egitarau osoa:

Ekainaren 8a, larunbata:

  • 11:00. Artisau postuen irekiera, Idiakaitz taldeko txistulariek girotuta.
  • 11.30. Haurren marrazki erakusketarako material banaketa.
  • 12:30. Haurrentzako tailerrak: Katiluen margoketa eta marrazki erakusketa.
  • 14:00. Txahal errea eta txotxeko sagardoa.
  • 17:00. Zestoako IX. Trikitilari Gazteen Txapelketa.
  • Ondoren, kantu poteoa.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide