Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketako final zortzirenetako kanporaketak gainditzea lortu zuten joan zen asteburuan, eta horrenbestez, final laurdenetan ariko dira datozen bi asteburuetan. Azkoitiak Altzo izango du aurkari, Azpeitiak Hernani eta Zestoak Astigarraga.
Azpeitiak soilik hasiko du kanporaketa etxean; Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte Ilunpekoek Hernaniren aurkako partidak ostiralean, 22:00etan hasita. Azkoitiak eta Zestoak etxetik kanpo izango dituzte joaneko neurketak, Altzon eta Astigarragan hurrenez hurren.
Kanporaketa gainditzen badute, Azpeitiak eta Azkoitiak elkarren kontra jokatuko dituzte finalerdiak. Zestoak, berriz, Ataun edo Tolosa izango du aurkari hurrengo fasera sailkatzen bada.
Azkoitia aurrera, paleta txapelketan
Azkoitiko palistak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final laurdenak jokatzen ari dira. Joan zen asteburuan 2 eta 1 nagusitu ziren gomazko palistak Anoetan, eta ostiralean jokatuko dituzte itzulerako partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Kanporaketa gainditzen badute, Hernaniko edo Andoaingo pilotariak izango dituzte azkoitiarrek parez pare finalerdietan.
Aia eta Azpeitia txapelketatik kanpo gelditu ziren final zortzirenetan.