Jessica Guzman: "Herritarren laguntzari esker, zabalik segituko du harrera etxeak"

Aitziber Arzallus 2019ko maiatzaren 24a

Estualdia pasatuta, arnasa lasai har dezakete Malen Etxeko kideek. Arriskuan ikusi dute emakume etorkinei harrera egiteko Zestoan duten aterpea, eraikinean ezinbestean egin beharreko berrikuntza lanak ordaintzeko dirurik ez zutelako. Laguntza eskatu, eta herritarrek "bikain" erantzun dute: behar zituzten 3.000 euroak biltzea lortu dute. "Zoriontsu" daudela adierazi du Jessica Guzman elkarteko lehendakariak eta Zestoako aterpearen arduradunak (Santiago, Txile, 1962). Eskerrak eman dizkie lagundu dieten herritar eta eragile guztiei. Gipuzkoako Hitzak hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Jessica Guzman. (Aitziber Arzallus)

Zertarako behar duzue dirua?

Zestoako aterpea dagoen eraikinaren etxe aurrea berritzeko. Sei etxebizitzako bloke zahar batean dago, etxebizitza horietako bat da aterpe gisa erabiltzen duguna, eta etxepeko fatxada berritu behar dute, hezetasun handia sartzen delako barrura. 2.000 eurotik gora jarri behar ditu etxe jabe bakoitzak, eta Malen Etxeak ez zuen baliabiderik. Hortik sortu zitzaigun diru beharra. Baina, eraikinak bezala, etxebizitzak ere urte asko ditu, eta gabezia handiak. Horregatik, diru pixka bat gehiago eskatu genuen premiarik handieneko konponketak egiteko.

Aise bildu duzue dirua.

Bikain erantzun dute herritarrek eta eragileek, eta, haien laguntzari esker, zabalik segituko du aterpeak. Zestoako Bargaztak talde feministak, adibidez, 3.000 baietz! egitasmoa sortu zuen Malen Etxearentzat dirua biltzeko. Bonuak eta errifak saldu dituzte, eta lasterketa solidario bat ere antolatu dute.

Herritar askok diru bilketa kanpainari esker izango zuten Malen Etxearen berri…

Hala da, bai, eta azken asteetan jende asko etorri zaigu laguntza eskaintzera. Azpeitiko enpresa batek, adibidez, bere burua eskaini digu Zestoako aterpeko elektrizitate sistema berritzeko. Argindar kableatu guztia aldatu beharrean dago, eta geure kabuz ezingo genukeen egin.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide