Bizi osoko espetxealdia ezarri diote Pablo Ibarri

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 23a

Fort Lauderdaleko herri epaimahaiak (Florida, AEB) erabaki du betirako espetxealdia jartzea Pablo Ibarri; haren aita zestoarra da. Heriotza zigorra ezarri ez arren, Ibarren defentsa ez dago konforme erabakiarekin, eta epaiketa berriz egiteko eskatuko du. Hala ere, epaiketa berriro egitekotan, fiskalak ezingo du heriotza zigorra eskatu.

Pablo Ibar, epaiketaren une batean. (EITB)

Bi aukera zituen Pablo Ibarrek: heriotza zigorra edo bizi osoko espetxealdia. Eta atzo, asteazkena, Fort Lauderdaleko herri epaimahaiak (Florida, AEB) erabaki zuen betirako espetxealdia jartzea Ibarri, eta heriotza zigorra ez ematea. Heriotza zigorra jartzeko, epaimahaiak erabakia aho batez ez hartu behar zuen ezinbestean, eta gutxienez kideetako batek ez onartzea nahikoa zen zigor hori saihesteko; hala gertatu da azkenean.

Heriotza zigorra ezarri ez arren, Ibarren defentsa ez dago konforme erabakiarekin; izan ere, hura errugabea dela uste du. Hala, epaiketa berriz egiteko eskatuko duela iragarri du defentsak. Apelazio Auzitegi Federalean egingo du hori. Gainera, Ibarrek betirako saihestu du heriotza-zigorra: epaiketa berriro egitekotan, fiskalak ezingo du heriotza zigorra eskatu.

Euskal jatorriko estatubatuarrari –Pablo Ibarren aita Kandido zestoarra da– hiru pertsona hiltzea egotzi diote. Ibarrek 46 urte ditu, eta 24 urte daramatza preso; horietatik 16, heriotzaren korridorean. Aurreko asteko ostiralean abiatu zuten epaiketaren azken fasea, sententziari dagokiona, eta atzo gauean jakinarazi zuten zigorra, AEBetan 17:30 inguru zirenean.

UROLA KOSTAKO HITZAk elkarrizketa egin zion Pablo Ibarren aitari iaz; hemen irakur daiteke.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide