Lan heriotzak salatzeko elkarretaratze bateratua deitu dute biharko Azpeitiko zazpi eragilek

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 21a

Atzo istripuz hil ziren bi langileen heriotzak salatzeko, elkarretaratze bateratua deitu dute zazpi eragilek biharko. 19:00etan egingo dute protesta, Azpeitiko plazan. "Langileak lanean hiltzea kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat da. Batzuen diru nahi mugagabea besteen bizitzen gainetik jartzearen ondorioa, hain zuzen ere", azpimarratu dute.

Atzo Zestoan izandako istripuan Urrestillako bizilagun bat hil zen.

Bi langile hil ziren istripuz atzo, astelehena: bata, Zestoan; eta bestea, Zarautzen. Bi lan heriotza horiek salatzeko, zazpi eragilek elkarretaratzea deitu dute biharko, asteazkena. Honako eragile hauek deitu dute protestara: CNT, Sortu, ELA, LAB, Azpeitiko Gaztetxie, Ernai eta Elkar-Ekin. Azpeitian egingo dute protesta, 19:00etan hasita, plazan. "Prekarietateak hil egiten du. Bizitza duinak herritarrontzat", aldarrikatu dute.

Ezer baino lehen, lanean ari zirela hil diren bi herritarren senideei eta hurbilekoei "elkartasuna eta hurbiltasuna" helarazi nahi izan dizkiete eragileek. Era berean, nabarmendu dute 2018. urtean 68 pertsona hil zirela lan istripuen ondorioz, eta 2019. urtea hasi zenetik, hemezortzi hil direla. "Datuek argi adierazten duten gisan, heriotza hauek ez dira kasualitatearen ondorio. Egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Egiturazkoa eta erabat orokortua den prekarietatea dago heriotza hauen guztien jatorrian".

Gainera, "etenik gabeko irabaziak bilatzen dituztenek, langileen bizkar, prekarietate egoera latzak ezarri" dituztela azpimarratu dute. "Lanaldi luzeak, presioak, baldintzetan etengabeko murrizketak, prebentzio neurri eskasak, mehatxuak eta kaleratzeak. Milaka dira gaur-gaurkoz egoera horretan lan egitera behartuak dauden langileak, eta egoera gordin hori kontuan hartuz bakarrik azaldu daiteke hainbeste pertsona lanean hiltzea".

Azken heriotzen kasuan, azpimarratu nahi izan dute bi langileek jatorri marokoarra zutela. "Aurrez erabat orokortuak eta finkatuak dauden prekarietate egoerak areagotu baino ez dira egiten pertsona migranteen kasuan. Eta une honetan errealitate hau mahai gainean jartzea ezinbestekoa dela sentitzen dugu". Langileak lanean hiltzea "kapitalismoaren adierazpen gordinenetako bat" dela gaineratu dute: "Batzuen diru nahi mugagabea besteen bizitzen gainetik jartzearen ondorioa, hain zuzen ere".

"Nahikoa da. Herritarrok duintasunez bizitzeko lan egin nahi dugu, ez inoren menpeko lanetan hiltzeko. Ezin dugu hurrengo heriotzaren zain egon", erantsi dute. "Egiturazkoa den arazoari egiturazkoak diren konponbideak" eman behar zaizkiola uste dute, eta hori "hein handi batean erakundeen ardura" daela azpimarratu dute.

Era berean, lan istripu horiek gaitzesteko, 12:30ean Azpeitiko plazan beste elkarretaratze bat egingo dute, eta Zarautzen ere deitu dute protestara. Zarautzen, 11:30ean egingo dute elkarretaraztea, CCOO sindikatuak deituta, udaletxearen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide