Bi behargin hil dira gaur, astelehena, Urola Kosta eskualdean; bata, Zestoan eta bestea, Zarautzen. Ezbeharrak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte sindikatuek datozen egunetarako. Gehiengo sindikalak deituta, asteazkenean Azpeitiko plazan elkartuko dira— Urrestillako bizilaguna zen Zestoan hil den behargina–, 12:30ean, eta gaurko bi istripuak gaitzetsiko dituzte han. Zarautzen ere asteazkenean egingo dute protesta, CCOO sindikatuak deituta, baina oraingoz, ez dute deialdiaren xehetasun gehiago eman.
Haitz Beltz enpresako langilea zen Aizarnako pinudi batean lanean ari zen 50 urteko Urrestillako bizilaguna. Santa Engrazia inguruko pinudi batean lanean ari zen gizonezkoa, eta zuhaitz bat gainera erorita zendu da behargina. Ertzaintzak 09:45 inguruan jaso du ezbeharraren abisua, baina larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin langilea suspertzeko. Istripua argitzeko ikerketa irekita du Osalanek.
Zarautzen, berriz, 14:05etan gertatu da ezbeharra, Añorbe auzoan; behargina garabi baten gainean lanean zegoela, behera erori da ibilgailua, 30 metroko altueratik. Hala, zauri larrien ondorioz zendu da langilea. Kontrapisuak aldatzen ari zen.
Etxola baten gainera erori da garabia, eta bertan bazkaltzen ari ziren 5-6 langileek justu-justu lortu dute etxolatik ateratzea; horietako bat zauritu egin da. 32 urteko Zumarragako bizilaguna zen hildakoa, eta Gruas Pingon enpresarentzat ari zen lanean.
Salaketa mezuak
Lan heriotza salatzeko eta hildakoaren familiari elkartasuna adierazteko erreakzioak berehalakoak izan dira. LAB eta ELA sindikatuek, esaterako, babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete hildakoen familiakoei eta gertukoei. LAB sindikatuak gogorarazi du aurten, gutxienez, 18 lagun hil direla lan istripuz. "Aurten sektore horretan eta antzeko egoeran izan den bigarren heriotza da Zestoakoa. Ez da posible ezaugarri berak dituzten istripuak gertatzea urtero; ez dituzte eraginkorrak diren neurriak hartzen. Noiz hartuko dituzte benetako neurriak? Eta noiz hartuko dituzte segurtasuna eta langileak lehenetsiko dituzten neurri eraginkorrak?". LABek basogintzan lanean aritzen diren enpresei kontrol jarraia, zehatza eta zorrotza egiteko eskatu dio Osalani. Izan ere, sindikatuaren arabera, istripuak lan baldintzek eta ekoizpen ereduak eragiten dituzte.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, berriz, doluminak helarazi dizkie Urrestillako bizilagunaren senideei, eta gertaera salatu du: "Guretzat ez da lan istripu bat, bizitzak lehentasuna duen kasuak ez direlako istripuak izaten". Azpeitiko EAJk ere doluminak agertu dizkie zendu den beharginaren senideei eta lagunei. Elkar-ekin taldeak ere elkartasuna adierazi die gaur lan istripuan hil diren bi pertsonen gertukoei, eta taldeak azpimarratu du "berez gordina den prekarietatea" areagotu egiten dela pertsona migranteen kasuan.
Zarauzko Udalak ere elkartasuna adierazi dio hango lan istripuan zendutako biktimaren familiari, eta erakundeak eskatu du gertatutakoa argitu dadila. "Beharrezkoa da lan istripuak ekiditea, kosta ala kosta. Lan segurtasunak edozein lanetarako lehentasuna izan behar du eta, hala, erakundeetatik lan osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea defendatzen dugu, eta eragile arduradun guztiei exigitzen diegu lan arriskuen prebentziorako arauak bete ditzatela".