Urrestillako langile bat hil da Zestoan, zuhaitz bat gainera erorita

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 20a

Santa Engrazia inguruan (Aizarna) ari zen gizona pinudi batean lanean, eta istripuaren unean bertan hil da Aitz Beltz enpresako behargina. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 09:45 aldean jaso dute ezbeharraren abisua SOS Deiaken. Osalanek istripua argitzeko ikerketa zabaldu du.

Istripua gertatu den baso ingurua.

Langile bat hil da gaur goizean Zestoan, zuhaitz bat gainera erorita. Urrestillako (Azpeitia) bizilaguna eta 50 urtekoa da hildakoa, Azpeitiko Udalak Uztarria.eus-i baieztatu dionez. Santa Engrazia inguruan (Aizarna) ari zen gizona pinudi batean lanean, eta istripuaren unean bertan hil da Haitz Beltz enpresako langilea. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 09:45 aldean jaso dute ezbeharraren abisua SOS Deiaken, eta larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak nahiz Ertzaintzaren helikoptero bat bertaratu dira ezbeharraren tokira, baina ezin izan dute ezer egin langilea suspertzeko. Osalanek istripua argitzeko ikerketa zabaldu du.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak doluminak eman eta babesa agertu dizkie hildako gizonaren familiakoei, EH Bilduko hainbat kiderekin batera egin duen agerraldiaren aurretik. Gainera, hark gertaera salatu du: "Guretzat ez da lan istripu bat, bizitzak lehentasuna duen kasuak ez direlako istripuak izaten". Azpeitiko EAJk ere doluminak agertu dizkie zendu den beharginaren senideei eta lagunei.

Azpeitiko Udalak Urrestillako bizilagunaren familiakoei, lankideei eta gertukoei doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie. Erakundearen arabera, langileentzat eta herriarentzat "kolpe gogorra" izan zen atzo gertatutakoa, eta esan du, behar izanez gero, Udalak laguntza eskainiko diela hildako langilearen gertukoei. Horrez gain, Osalani eta beharginak lan egiten zuen enpresari istripuaren "zergatiak aztertzeko eta lehenbailehen argitzeko" eskatu die Udalak, eta esan du lan istripuena "arazo oso larria" dela. Gainera, herriko enpresei langileen bizitzak babestea galdegin die erakundeak: "Udalerri osoko enpresek herriarekin eta herritarrekin duten gutxieneko konpromisoak hala exijitzen duelako, egoera guztietan langile ororen bizitzak babestea eskatzen diogu, oinarrizko baldintza gisa eta lehentasun absolutu gisa". Udalak bat egin du heriotza salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko antolatuko dituzten deialdiekin, eta herritarrei protesta horietara batzeko deia egin die.

Salaketa mezuak

LAB eta ELA sindikatuek babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete hildako gizonaren familiakoei eta gertukoei. LAB sindikatuak gogorarazi du aurten, gutxienez, 18 lagun hil direla lan istripuz –Zarautzen beste behargin bat hil da gaur arratsaldean–: "Aurten sektore horretan eta antzeko egoeran izan den bigarren heriotza da Zestoakoa. Ez da posible ezaugarri berak dituzten istripuak gertatzea urtero; ez dituzte eraginkorrak diren neurriak hartzen. Noiz hartuko dituzte benetako neurriak? Eta noiz hartuko dituzte segurtasuna eta langileak lehenetsiko dituzten neurri eraginkorrak?". LABek basogintzan lanean aritzen diren enpresei kontrol jarraia, zehatza eta zorrotza egiteko eskatu dio Osalani. Izan ere, sindikatuaren arabera, istripuak lan baldintzek eta ekoizpen ereduak eragiten dituzte.

ELA sindikatuak langileek jasan behar duten prekarietatea saladu du: "Lan erritmo jasanezinak, lan jardunaldi amaigabeak eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio arauei muzin egitea ohiko egoera eta praktikak bilakatu dira". Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, honako mezu hau zabaldu du ELAk: "Alde batetik, prebentzio neurriak betetzen direla ziurtatzeko jarraipen zorrotza egitea exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari; eta bestetik, langile askoren heriotza eragin duen prekarietateari aurre egiteko antolatzera deitzen ditu langileak".

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak ere elkartasuna adierazi die gaur lan istripuan hil diren bi pertsonen gertukoei, eta taldeak azpimarratu du "berez gordina den prekarietatea" areagotu egiten dela pertsona migranteen kasuan.

Elkarretaratzea, plazan

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, bihar, asteazkena, lan istripua eta 50 urteko gizonaren heriotza salatzeko elkarretaratzea izango da. 12:30erako jarri dute hitzordua, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide