Jendearen elkartasunari esker, konpondu dute Malen Etxearen arazoa

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 20a

Malen Etxearen alde egindako lasterketa solidarioa. (Anartz Izagirre)

Emakume etorkinen Zestoako babeslekua, Malen Etxearen aterpea, kinka larrian egon da, etxebizitzaren fatxada konpontzeko dirurik ez zuelako elkarteak. UROLA KOSTAKO HITZAk eman zuen horren berri joan den apirilean, eta ordutik, elkartasun keinuak adierazi ditu batek baino gehiagok. Besteak beste, Zestoako Basgaztak talde feministak hainbat ekintza antolatu ditu, Malen Etxea elkarteari behar zituen 3.000 euroak biltzen laguntzeko. Talde feministak bost euroko bonoak saldu ditu, errifak ere bai, eta lasterketa solidarioa egin zuten hilaren 12an. Gainera, bada ekarpena egin duen beste eskualdeko talde bat: Elkar-ekinek Malen Etxeari 300 euroko dirulaguntza eman zion. "Sektore zapalduenek beti izango gaituzte ondoan", azaldu zuen taldeak.

Bada, elkartasunak eman ditu bere fruituak: Malen Etxearen ordezkariek jakinarazi dute lortu dutela behar zuten dirua. Eskuratu dituzte etxebizitzaren fatxada konpontzeko behar zituzten 3.000 euroak, eta "oso pozik" azaldu dira arduradunak. "Ez genekien nola konpondu arazoa, eta jendeak azaldu duen elkartasunari esker, konpondu dugu arazoa", azaldu du Jessica Guzman Malen Etxeako lehendakariak eta Zestoako aterpeko arduradunak. Laguntza eman dietenak zein diren ez badakite ere, haiek guztiak gonbidatu dituzte aterpea ezagutzera, eta bide batez, kafetxo bat hartzera. "Eskerrik asko, denei", adierazi dute.

Proiektua, aurrera

Emakume etorkinei laguntzea da Malen Etxearen helburua. Lanpostu bat eskuratu eta etxebizitza bat ordaintzeko dirua izan arte, aterpe bat ematen die elkarteak Zestoako etxebizitzan. Azken urteotan emakume ugari pasatu dira Zestoako aterpetik; guztira, 200 lagunetik gora. Horregatik, Malen Etxearen Zestoako etxebizitzak "behar handi" bati erantzuten diola uste du Guzmanek. "Zaintza lanetan aritzen diren emakume etorkinek ez dute laguntza sozialak eskatzeko baldintzarik betetzen, eta lanpostu prekarioak izaten dituztenez, ezin izaten dute etxerik alokatu. Gure elkarteak egoera zaurgarri horretan dauden emakumeei estalpe bat eskaintzen die: dutxa bat, jateko leku bat, ohe bat". Finean, emakume etorkinak kale gorrian egon daitezen saihestea da helburua.

Jendeak emandako laguntzari esker, aurrera jarraituko ahal izango du proiektuak. Elkartasunari esker, posible izan da oraingoan.

Malen Etxeak emakume etorkinei babesa ematen die. (Malen Etxea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide