"Herritarrekin iraultza txikia" egiteko prest da Zestoako EH Bildu

Mailo Oiarzabal 2019ko maiatzaren 18a

Zestoako EH Bilduk atzo iluntzean egin zuen hilaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen hautes zerrenda jendeaurrean aurkezteko eta datozen lau urteetarako proposatzen dituen asmoak azaltzeko ekitaldia. Eguraldi aldakorrarengandik babesa bilatuz, ikus-entzulez bete zen udaletxe azpiko aterpean egin zuten ekitaldia.

Txalaparta doinuekin ekin zioten aurkezpenari eta Begoña Zubia zerrendakideak egin zituen aurkezle lanak. Zubiak hauteskundeetan parte hartzeko deia egin zuen lehen hitzekin batera, "oso garrantzitsua delako datozen lau urteetan hartuko diren erabakietan eta gauzatuko diren ekintzetan denon iritzia edukitzea eta denok parte hartzea, herritarrok osatzen dugulako herria". Ondoren, hautes zerrendako kideen hitzartzeekin osatutako bideoa jarri zuten, eta txalaparta doinuak berriro lagun zituela, banan-banan aurkeztu zituen Zubiak, bertso motzekin, hautes zerrendan kide dituenak. Bertso luzexeagoak bota zituen Aitor Salegi hautes zerrendako kideak, hasieran bat eta ekitaldiaren amaieran bestea.

Hautagai guztiak ekitaldirako prestatutako oholtzatxoaren gainean zirela, Nerea Odriozolak hartu zuen hitza. EH Bilduren zerrendan joatea proposatu ziotenean "Zestoan iraultza txiki bat egitea" proposatu ziotela kontatu zuen Odriozolak, "bai udaletxe barruan eta bai kanpoan, eta horretara etorri gara, iraultza txiki bat egitera". Horretarako prestatu duten bide orriaren oinarria laburtu zuen ondoren. "Guztion artean etorkizunean zer Zesttoa nahi dugun irudikatzea nahi dugu eta datozen lau urteetan bide horri ekitea. Lau urtetan ez dugu lortuko nahi dugun herri ideal hori, baina izango da garaipena, bide orria markatuta gelditzen bada eta aurreneko pausoak ematen baditugu". Pauso horiek eman nahi dituzten norabidearen zertzelada batzuk ere eman zituen Odriozolak. Etxebizitzak eta euskara izan zituen hizpide. Etxebizitzaren eta "batez ere alokairuaren" prezio garestiei aurre egiteko "etxebizitza parke publiko bat sortzea" proposatzen du EH Bilduk, alokairuaren "gehiegizko prezioak jaisteko" eta bereziki herriko gazteek "beren bizi proiektua aurrera eramateko aukera" izan dezaten. Euskarari dagokionez, euskalgintzan badela kezka adierazi zuen Odriozolak -euskara irakaslea da bera AEK-n-, umeen artean gaztelaniaren erabilera areagotzen ari delako Zestoan. "Miraria eragingo duen neurririk ez dago, baina gai horri ere heldu beharko diogula eta euskararen bilakaera ere irauli beharko dugula iruditzen zaigu, eta horretan saiatuko gara".

"Guk, gauza egingarriak"

Alkategaiaren txanda etorri zen gero. Mikel Arregi Ertxinek  umorez ekin zion hitzartzeari: hizketan "luze fama" daukala, eta ekitaldia hasi aurretik "ehun metrotan lauk esan didate, 'hi, motza'", aitortu zuen, eta "ahalik eta laburrena egiten saiatuko" zela agindu zien udaletxe azpian elkartutakoei; herria bere "muturrarekin enpapelatuta ikustea" uste baino "gogorragoa" egiten ari zitzaiola ere esan zuen; eta ekitaldirako "jertse berria" jantzi zuela ere bai, kanpainako irudiak ikusita "'argazkiko jertseak ez dik txarra irten'" ere entzun behar izan duela aipatuta.

Serio jarrita, Zestoan ordezkaritzalortzeko aukeran bi alderdi politiko daudela esan zuen Arregik, "bi eredu desberdin, gure ustez, eta biak errespetagarriak, jakina". Hain zuzen ere, EAJk kanpainan zabaldutako zenbait mezu aipatu nahi izan zituen Arregik. "EAH Bilduren kanpaina erasokorra ote den izan zen mitinean aipatu zuten mezuetako bat; eta neu harrituta, oraindik hasi ere ez ginen egin eta. Gero, betikoa, hemen zein inguruetako herrietan. ETAk azken atentatua egin zuenetik hamar urte pasatu direnean, horrekin datoz beti ere mahai gainera". Horrek "Ebrotik behera egiten dituzten kanpainak" dakarzkio gogora EH Bilduren Zestoako alkategaiari, "hauteskundeetan egoera krispatuak, kontu batzuk desbideratu nahian, beste batzuk mahai gainean jarrita". Ildo horretan, "zorionez beste egoera" batean gaudela onartuta, "denok amesten dugun egoerara iristeko oraindik asko dagoela egiteko" nabarmendu zuen. Horrela, gogora ekarri zuen atzo bertan, maiatzaren 19an, bete zirela 40 urte Antton Olaizolak "herritik alde egin beharra izan zuela. 1979tik, gure herritarra Afrikan daukagu". Olaizola zestoarraren egoerarekin lotura eginez, bezperan atxilotutako Josu Urrutikoetxea eta Jesus Egiguren aizarnarra ere aipatu zituen Arregik, "eremu horretan oraindik asko dagoela egiteko" azaldu asmoz.

Udal politikan sartuta, eta hasieran aipatutako ereduen arteko norgehiagokari helduta, "arazo bat daukagula" esan zuen Arregik. "Gure ustez, baliabide publiko guztiak kudeatu behar dira egitura publikoetatik. Uste dugu, maila batean, gizarte hau eskuinerantz dihoala, eta kudeaketan ere ikusten dira zenbait zantzu". Zestoan kaleko argiteriarekin gertatutakoa aipatu zuen puntu horretan, "baliabide estrategiko bat hamar urterako pribatizatu" egin dela kritikatuz. EAJren mezuei berriro helduta, "argudio kezkagarria" iruditzen zaio Arregiri "pribatizazioaren kontra jardutea arinkeria dela" esatea. "Egia da, eta aitortu egin behar dugu, espektro politiko guztiak neurriz kanpo aritzen garela hauteskunde garaian, baina marra gorri batzuk ere behar dira", Arregiren ustez, eta kritikatu zuen EAJk Zubiaurrerako agindu duen kirolerako eta aisirako gunea. "Udala pixka bat ezagutzen duenak badaki gauza batzuk ez direla egingarriak, ez direlako. Kea ezin da saldu, ilargia ere ez". Horrelakoen aurrean, "EH Bilduk eredu jasangarri baten aldeko apustua egin" nahi duela aldarrikatu zuen koalizioko zerrendaburuak. "Zestoako kontuak ondoen Zestoatik defendatuko ditugu", esan zuen, herritarrek hautatutako ordezkariek duten "ardura" gogoratu zuen, "eta ardura hori edukita, ezin diogu ardura hori enpresa pribatu bati eman". Merkataritzan edota gizarte zerbitzuetan baliabideak esku pribatuetan uztearen arriskuak nabarmendu zituen Arregik. "Pertsonen ongizatea ezin da negozioa egiteko erabili. Pertsonak erdigunean jarri behar gara", esan zuen, bertaratutakoen txalo artean.

"Guk ez dugu ilargirik eskainiko; guk, gauza egingarriak eta, bereziki, Zestoari dagozkion kontuetan sartuta. Gauzak aldatu egin behar direla uste dugu. Nereak esan du, iraultza txiki bat, ez gara-eta sekulakoak egiteko bezain onak, baina uste dugu gauza batzuk egin daitezkeela. Gauzak aldatu nahi ditugu, gure ustez, gauzak ez daudelako ondo", berretsi zuen EH Bilduren alkategaiak, eta aldaketa hori "herritarrekin" egitearen beharra aldarrikatu zuen. Udal batek herritarren jakintzaren "kapitala" baliatzen jakin behar duela iritzi dio Arregik. Zestoako Udalaren ateak herritarrentzat "neurri batean itxita" egon direla esan zuen. "Guk garbi ikusten dugu XXI. mendeko udal politika herritarren politika izan behar dela. Hau [udaletxea], bestela, palazio triste bat da".

Herrko beharren diagnostikoa badutela esan zuen Arregik, baina "proiektu zehatzekin" sartu aurretik, dauden beharrak eta balizko irtenbideak herritarrekin landu nahi dituztela azaldu zuen; kultur baliabideen eta dinamikaren gaia, adibidez. Autokritikaren balioa azpimarratuz eta hori jorratzeko konpromisoa hartuta, "herritarrekin iraultza txikia egitera" doazela esanda bukatu zuen hitzartzea Arregik, zerrendakideekin eta ekitaldira joandakoekin Laranjadi plazan argazkia atera eta ondorengorako prestatua zuten festa giroko gauari ekin aurretik.

Hemen, atzoko ekitaldiaren argazki gehiago:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide