Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak behin-behinean debekatu dute Zestoako Sastarraingo harrobian eskalatzea. Federazioak adierazi du aldundiko teknikariek espezie baten presentzia eta haren ugalketa atzeman dutela harrobi horretan eta animalia hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sailkatuta dagoela. Hori hala izanik, espezie hori babesteko "neurri zehatzak" jarri dituzte bi erakundeek abian, eta horietako bat izan da gune horretan eskalatzea debekatzea.
Debekuak, ordea, ez du urte osoan iraungo; martxoaren 1etik abuztuaren 31ra artean ezarriko dute neurria, hain zuzen ere. Beraz, eskalatzaileek sei hilabetez ezin izango dute kirol hori praktikatu.
Kumaldiarekin "bateraezina"
Herrigunetik bi kilometrora dago Sastarraingo harrobia, eta gune horrek eskaladarako hainbat bide du. Federazioak adierazi duenez, harrobiaren "tamaina txikia" eta kabiak dauden kokalekuak aintzat hartu dituzte neurria martxan jartzeko. Izan ere, erakundeek ebatzi dute eskalada eta espezie horren kumaldia "bateraezinak" direla leku horretan.
Federazioak adierazi duenez, hango espezieak izaten duen bilakaeraren arabera, berriro ebaluatuko dute Sastarraingo gunean eskala daitekeen ala ez. Bien bitartean, ordea, eskalatzaileei dei egin die neurria errespeta dezaten, eta gogoratu du ondare naturala babesten laguntzea "guztien ardura" dela. Era berean, "eskalada jasangarriaren" aldeko mezua igorri die kirolari horiei: "Gozatu eskalada segurtasunez, zaindu zaitez eta zaindu ezazu ingurunea".
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak 2017an arautu zituzten lurraldeko eskalada guneak, hain zuzen, espezieak babesteko eta horien eta eskalatzaileen elkarbizitza bermatzeko asmoz. Gipuzkoako sei eskualdetan eskalatzeko erabateko debekua jarri zuten 22 bidetan; urteko sasoi jakin baterako debekua, berriz, hamalau bidetan ezarri zuten, horietako bat izan zen Zestoako Altzolaras gunea (urtarrilaren 1etik irailaren 30era). Orduko hartan, 103 bide katalogatu zituzten erakundeak eta federazioak.