EAJren zerrendetan, atzealdean agertzen zen Garikoitz Mendizabalen (Zestoa, 1973) izena orain arte, baina aurtengoan beste urrats bat egitera ausartu da. Josetxo Mendizabal egungo alkatearen lekukoa hartuta, hura da datozen udal hauteskundeetarako EAJren hautagaia.
Nolatan animatu zara alkategai izatera?
Politika beti gustatu izan zait, baina gertatzen dena da oso lanpetuta bizi izan naizela nire musikari ibilbideagatik. Pentsatzen nuen, agian, etorkizun batean tren hori pasatuko zela, baina ez nuen uste hain azkar iritsiko zenik. Alkategai izateko aukera eskaini zidatenean, zalantza asko izan nituen, baina herriarekiko konpromisoa dut eta herria asko maite dut; horregatik ausartu nintzen. Egon da pizgarri bat: denok onartzen dugu herri honetan kultur azpiegituren eskasia dagoela, eta pentsatzen nuen hori eta beste gauza batzuk egiteko aukera izan nezakeela alkate izanez gero. Kulturan hain normalak diren balio batzuk herrigintzan txertatzea ere ariketa polita izan daitekeela uste dut.
Musikaria izateak zerikusia izan al du pauso hori ematerakoan?
Bai. Izan ere, herri honek behar duen gauzetako bat da kultur etxe duin bat, dantza, antzerkia eta musika modu egokian egiteko. Herriko kulturgintza aberatsa eta ekimen handikoa da, bai pop-rock mugimenduari dagokionez, bai herri tradizioari dagokionez, baita musika bandari eta antzerkiari dagokienez ere. Ohitu egin gara azpiegitura duinik ez izatera, herri txikia garela argudiatuta. Eta bai, horrek ere baldintzatu nau pixka bat alkategai izateko proposamena onartzerakoan.
Duela lau urteko udal hauteskundeak EAJk irabazi zituen Zestoan, boto alde txikiarekin. Uste duzu aurten ere lehia egongo dela?
Ziur. Oraintxe pasatu berri diren hauteskundeetako [Espainiako Gorteetarakoak] emaitzak ezin dira estrapolatu, baina EH Bilduk boto asko ditu herrian, eta EAJk ere gutxieneko batetik gora beti izan ditu, tradizioz. Iruditzen zait nahiko parekatuta egongo garela bi alderdiak, baina gustatuko litzaidake guk irabaztea, uste dudalako programa polita eta lantalde oso egokia eta ederra dauzkagula.
EH Bilduk irabazi ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak Zestoan. Zer balorazio egiten duzu?
Hasteko, Elkarrekin Podemosen 200dik gora boto ez dakigu nora joango diren; agian, ez dira inora joango. Sozialisten ehundik gora boto, normalean, 30 bat izaten dira udal hauteskundeetan, eta boto horiek gure egitea nahiko genuke. Duela lau urte, 2.800 bat lagunetik 886 abstenitu ziren, eta hori bada zerbait. Hor dago lan egin beharra; jendeari esan nahi diot hartzeko konpromisoa eta joateko botoa ematera. Gure lana jendearengan ilusioa piztea izango da. Gure taldeaz harro gaude, egingo dugun lanaz ziur, baina mobilizatu egin behar da.
Talde polita osatu duzuela diozu. Zer ezaugarri ditu?
Gaztetasuna eta esperientzia modu oso egokian uztartzen ditu. Lanbide ezberdinetako jendea dago taldean, prestatua: administrazio zuzendaritzan lizentziatutako bi daude zerrendan, geologo bat, hiru musikari, zailtasunak dituztenei laguntzeko elkarteetan lan egiten dutenak... Guretzako kultura eta bizikidetza izango dira motorrak, eta horretarako, neurri-neurriko taldea da osatu duguna. Balioetan aberatsa da gure taldea, eta horrek ematen dit lasaitasuna eta ziurtasuna.
Zeintzuk dira proposatzen dituzuen proiektu nagusiak?
Lehenik, pertsonak helburu izanda, bizi kalitatea bermatzeko politikak jarri behar dira martxan. Gainera, gizarte zerbitzuen alorra landu behar dugu, etorkinak, mendekotasun egoeran daudenak eta adinekoak kontuan hartuta. Kulturari ere garrantzi handia emango diogu, eta konpromiso zehatz bat hartu dugu: egun Kultur Etxea dagoen lekuan eraikin berria egitea. Zestoak hainbat auzo ditu, eta horietan ere jarriko dugu arreta: auzotarrekin bildu gara, eta haien eskaerei erantzuna emango diegu. Bestalde, azpiegiturei dagokienez, herriari alaitasuna emango dion proposamen bat dugu: Zubiaurre futbol zelai zaharrean aisialdirako eta kirola praktikatzeko gune zoragarri bat egingo dugu.
Nolakoa izango da gunea?
Padeleko eta teniseko kantxak izango ditu, futbitoan jokatzeko lekua, haurrentzako jolastokia, komuna, kafetegia, eguzkia hartzeko gunea... Oraindik ez daukagu diseinua eginda, baina hori da ideia. Eta aurrekontuak ematen baldin badu, zergatik ez, igerileku txiki bat ere egin daiteke. Jende askori entzuten diot hori falta dela herrian.
Herriko errepideek hobekuntzak behar dituztela ere aipatu duzu.
Zestoako sarrera-irteerak hobetu behar dira; batik bat, Zumaiatik Zestoako herrigunera sartzeko dagoen bidea. Gainera, herrian dauden irisgarritasun eta mugikortasun arazoak zuzentzen joan behar gara; asko dago hor egiteko. Beste proiektu bat ere badugu herrigunerako: Euskal Herria plaza atsedenleku eta umeentzako jolasleku bilakatu nahi dugu. Horrez gain, bide berdea bultzatu eta amaitzeko bidean jarri nahi dugu; Iraeta eta Arroabea arteko bidegorri zatiak bukatuta edo ia bukatuta egon behar du lau urte barru.
Kiroldegiaren kontuak zeresana eman du herrian: EH Bilduk salatu du proiektuaren aurrekontua igo izanak udala mugatu egin duela.
Askotan gertatzen da aurrekontuen aurreikuspen bat egin eta gero handitu beharra. Zestoako kiroldegiak bazuen beharra, eta orain azpiegitura ederra geratuko da herritar eta auzotar guztientzako. Ni iritsi berria naiz, baina gustura nago nola geratzen ari den, eta gaur egungo beharretara egokitzen den azpiegitura da.
Kiroldegiaren proiektuak mugatuko al du hurrengo Udal Gobernuaren jarduna?
Ez nuke nahi. Egia esan, ekonomikoki, zorpetu gabe gelditu da udala, eta urtero-urtero, ehunka mila euro egon ohi dira inbertsioetarako.
Zergatik bozkatu behar dute herritarrek EAJ?
Uste dut nik eta nire taldeak estilo berri bat dugula; nik hori oso barneratuta daukat: entzuten dakit, kultur gizona naiz eta desberdinekin lan egiten ohituta nago. EH Bilduk eta haren hautagaiak beren estiloa daukate; kakotx artean esanda, erasokorragoa. EH Bilduk jasangarritasuna, parte hartzea, dinamika eta abar aipatzen ditu, eta puntu horietan bat gatoz gu ere; horregatik, gustatuko litzaidake elkar ulertzea. Eta kulturan, zer esanik ez. Kultur Etxearen proiektua ez nuke nahi politizatzea. Zergatik eman behar zaigun botoa guri? Uste dudalako herri honek behar dituen patxada, lasaitasuna eta kudeaketa gure lantaldearekin bermatuta daudela.
Ulertzera eman duzu orain arte bi alderdien artean konfrontazioa egon dela.
Egon da. Tira-birak eta eztabaidak egon dira eraso pertsonalak gertatu direlako, edo demagogiatik dezente egon delako, edo pazientziak ere muga bat daukalako. Denok ikasi behar dugu akatsetatik.
Udalera bake giroa ekartzen saiatuko al zara?
Zalantzarik gabe. Baina estiloak eta pertsonen izaerak markatzen dute askotan egunerokotasuna, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Denborak esango du.