Nolakoa hautes zerrenda osatu duzue?
Guretzat oinarrizkoak diren arloetan ekintzaile diren pertsonekin osatu dugu hautes zerrenda. Gainera, esperientzia eta gaztetasuna uztartu ditugu, belaunaldi berriei lekua egin behar zaielako eta horiek ahaldundu egin behar direlako. Gainera, zerrendakideen erdiak auzoetako bizilagunak dira, Zestoako biztanleriaren erdia auzoetan bizi delako. Herriak dituen erronkei aurre egiteko zerrenda oso ona eta orekatua osatu dugu.
Zer erronka ditu Zestoak?
Gabezia nagusia herri bizitza da; biziberritzeko premia du Zestoak. Erdigunean pertsonek egon behar dute, eta kultura izan daiteke pizgarri nagusietako bat. Beraz, kultur ekipamendu berri bat egiteak eta Kultur Mahaia berriz martxan jartzeak lagun dezake horretan. Bestalde, udaletik inoiz baino urrunago ikusten ditut herritarrak, eta bi horien artean harreman berri bat sortu beharra dago. Zentzu horretan, udalak herritarren parte hartzea sustatu behar du, herritarrei ateak ireki behar dizkie. Auzoetan ere arazoak dituzte, eta horiei erantzun egin behar zaie. Dena den, gauza horiei denei aurre egiteko ezinbestekoa da herria ordenatzea eta antolaketa eredu bat mahai gainean jartzea. Bestalde, badira albo batera utzitako eremuak herrian, eta horiei buelta bat eman behar zaie, hala nola harrobiari eta TS lantegiaren inguruari. Zestoak kokapen estrategikoa dauka, kostaren eta Urola Erdiaren arteko lotura da, eta hori baliatu egin behar dugu indargunea izan daitekeelako. Uste dut agitaldi honetan ez dela asmatu indarguneak aprobetxatzen.
Duela lau urte boto gutxi batzuengatik ez zenuten lortu alkatetza. Orain zer emaitza espero dituzue?
Emaitza onak espero ditugu, iruditzen zaigulako Zestoak dituen erronkei ikuspegi ezkertiar batetik aurre egitea izango dela onena eta erangikorrena. Zestoa herri anitza da, baina uste dugu herritarren gehiengoak EH Bilduk defendatzen duen proiektuarekin bat egiten duela; alde horretatik, itxaropentsu gaude, ilusioarekin. Hori bai, maiatzaren 26an herriak hitz egingo du.
Oposizioan egon zarete lau urteotan. Agintaldiaz zer balorazio egiten duzu?
Errespetu guztiarekin, baina balorazioa ezkorra da. Izan ere, Zestoa itzaldu egin da lau urteotan. EAJren eredua oso itxia izan da, herritarrei udaletxea itxi egin die. Egoera horri buelta eman behar zaio, herrian kapital handia daukagulako eta 21. mendeko politikak herritarrei irekia izan behar duelako. Bestalde, oso eredu atzerakoia izan du EAJk, eta hartu dituen hainbat erabaki okerrak izan dira, hala nola kudeaketari, euskarari eta genero ikuspegiari lotutakoak.
Desados agertu zarete kiroldegiko lanekin edo argiteriaren esku aldaketarekin.
Herriaren aurrekontuari ikaragarri eragingo dion obra bat egin aurretik azterketa egin behar da. Argi dago kiroldegia zaharkituta zegoela eta berritu egin behar zela, baina gutxienez, azterketa bat egin behar zen Zestoan zer behar dauden ikusteko. Obra hori handiegia izan da, eta esan behar da hasierako aurrekontua ia bikoiztu egin dela; izan ere, hasieran, 1.200.000 eurokoa zen aurrekontua, eta ja bi milioiko langa pasatu du. Horrez gain, lanen kudeaketa desordenatua izan da, eta gainera, obrek udalaren altxortegia lur jota utzi dute. Edozer egiteko oinarrizkoa da pertsona erdigunean jartzea; hormigoia hormigoia da, baina hormigoia pertsonen zerbitzura jarri behar da. Kiroldegiko lanekin alderantzizkoa gertatu da. Badirudi eskuinak obra faraonikoak egitea nahiago duela.
Bestalde, argiteria pribatizatzea onartezina da, badakigulako pribatizazioak zer ekartzen duen. Argiteria baliabide energetikoa da, eta guk baliabide estrategikotzat hartzen dugu. Hamar urterako hartu du erabakia udal gobernuak, baina gutxienez har zezakeen erabakia berari dagokion agintaldirako. Badakit hauteskundeak irabazten dituenak proiektuak gauzatu behar dituela, baina zenbait gauza ezin dira egin adostasunik gabe.
Oposizioan egin duzuen lanaz zer balorazio egiten duzu?
Tentsioa egon da, herritarren bizkar eta oposizioarekin adostu gabe hartu dituztelako zenbait erabaki. Tentsioa ez da ona herri batentzat, eta garbi dago adostasunak lortzea askoz hobe dela, baina lau urteotan ez dugu hausnarketarako organorik eduki. Egoera mugatuan zaudenean, tarte gutxi izaten da gauzak egiteko, baina gu saiatu gara proposamenak egiten. Udal Gobernuaren kudeaketa desordenatua izan da, eta egoera horretan segitzen du gaur egun.
Zer egingo duzue herria ordenatzeko?
Mahai gainean gauza egingarriak jartzen saiatuko gara, eta lehenik udala herritarrei irekiko diegu, parte hartzerako batzorde bat eratuta eta parte hartze programak martxan jarrita. Bestalde, herrian kultura pizteko beharra dago eta kultur ekipamendu falta nabarmena da. Horri irtenbidea emateko, azterketa egin, eragileekin prozesua gauzatu eta herrigunean gune bat egitea proposatzen dugu. Dena den, ekonomiari lotutako neurria da hori, eta udalaren egoera ez da batere ona. Horrez gain, Kirol Mahai bat sortzeko beharra ikusten dugu, eta ikuspegi sozioekonomikoari ere heldu behar zaio. Izan ere, Zestoak bere lekua hartu behar du Urola Erdian. Iraeta eta Narrondo arteko bidegorria ere egin behar da. Izugarrizko gora-beherak izan ditugu gai horri lotuta, baina agintaldi honetan ez da ezer aurreratu; bizilagunek udalak baino lan gehiago egin dute. Ingurumenaren arloan ere baditugu egitekoak. Beste erronketako bat da gazteek herri bizitza Zestoan egin dezaten bultzatzea, besteak beste, etxebizitza politika egokia eginda. Helburuak horiek dira, eta herritarrekin lan egin nahi dugu, denok bizi behar dugulako Zestoan. Denontzat bizitzeko herri hobea egin behar dugu, Zestoak badu-eta lotarako herri huts bilakatzeko arriskua. Zestoa asko kaltetu da lau urteotan, ez dutelako herria zaindu.
Zergatik bozkatu behar dute herritarrek EH Bildu?
Zestoaren ezaugarriak eta herrigintza nahiz herri mugimendua ondoen ordezkatzen dituelako eta herri eta gizarte bezala ditugun erronkei ondoen erantzungo dien taldea osatu dugulako.