Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako eskupilotako itzulerako partidak jokatu zituen Zestoak larunbatean, Aretxabaletan, eta aurrera egin du Zestoako taldeak. Erraz egin dute aurrera Zestoako pilotariek: sei eta huts nagusitu da lehen kanporaketan, partida guztiak irabazita. Beraz, final zortzirenetarako sailkatu da Zestoa.
Joaneko partidetan, Mattin Eizagirre eta Oier Alonso kadeteak 22 eta 5 nagusitu ziren, Ibai Salegi eta Julen Odriozola jubenilak 22 eta 2, eta Adonis Gelis eta Unai Salegi seniorrak 22 eta 8. Itzulerako norgehiagoketan, berriz, Xabat Sasiain eta Oier Alonso kadeteek 10 eta 22 irabazi zuten, Julen Odriozola eta Ibai Salegi jubenilek 4 eta 22, eta Ibai Olaizola eta Unai Salegi nagusiek 10-22.
Eskupilotan, Zestoa da lehiatzen ari den talde bakarra, oraingoz. Gainontzeko eskualdeko herriak asteburu honetan batuko dira lehiara: hain zuzen ere, Aia, Azkoitia eta Azpeitia. Azkoitiak Andoainen aurka jokatuko du lehen kanporaketa, Azpeitiak Donostiaren aurka eta Aiak Ataunen aurka. Finala ekainaren 29an izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
Gomazko paleta eta zesta punta
Joan den asteburuan jarri dira martxan Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako beste modalitateetako lehiak. Bailarako lau herritako ordezkariek ekin diote lehiari: Aia, Azkoitia, Azpeitia eta Zumaia gomazko paletan lehiatu dira, eta Zumaia zesta puntan.
Gomazko paletan, Aiak Hernaniren kontra jokatu du, Azpeitiak Anoetaren aurka, Azkoitiak Mutrikun neurtu ditu indarrak, eta Zumaiak Irunen aurka jokatu du. Zesta puntan, berriz, etxean ekin dio Zumaiak txapelketari, Mutrikuren kontra. Lehen kanporaketaren joaneko partidak izan dira asteburuan jokatu dituztenak, eta datorren asteburuko itzulerako partidetan erabakiko da ea talde horiek aurrera egiten duten edo ez.