Arroabean hasi du udal hauteskundeetako kanpaina Zestoako EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 11

Atzo, ostirala, Arroabean egin zuen hauteskunde kanpainako lehen ekitaldia Zestoako EH Bilduk. Hainbat zerrendakidek parte hartu zuten bertan, eta dozenaka herritar bertaratu ziren koalizioaren aurkezpenera. Aitor Salegi zerrendakideak hartu zuen aurrena hitza; hain zuzen ere, bertsoz hasi eta bukatu zuen hark ekitaldia.

Ondoren, Mikel Arregi zerrendaburuak hartu zuen hitza. Hark politika auzotarrekin eta herritarrekin egin behar dela azaldu zuen, eta jakinarazi zuen "lau pareten arteko lanak" ez daukala zentzurik, udala herriarengana hurbiltzen ez bada. Azken urteetan arroarrek udalak baino "lan gehiago" egin dutela ere esan zuen Zestoako alkategaiak, bidegorriaren aferari erreferentzia eginda, eta hark adierazi zuen proeiktua datorren agintaldian bukatzea "posible" dela, borondate politikoa baldin badago.

EH Bilduren hautes-zerrendako kide diren Pili Perurena eta Maia Ossa arroarren txanda izan zen. Perurenak "hunkituta" zegoela adierazi zuen, haibeste auzotar ikusita. Hark eskerrak eman zizkien arroarrei eta esan zuen auzoan borrokan aritu diren gisan jarraituko duela lanean. "Behar adina ate joko ditut auzotarren arazoei konponbidea emateko". Ossak, berriz, gazteen beharrak nabarmendu zituen, alokairu soziala aipatuta, eta esan zuen beraren gisako auzotar bat "ondoen" ordezkatzen duen aukera EH Bildu dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide