Bihotz biriken bizkortzeaz ikastaroa antolatu dute Arroabean

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 9a

Maiatzaren 20an eta 21ean izango dira saioak. Bihotz biriken geldialdi kasuetan pertsonak nola suspertu ikasteko aukera izango dute bertaratzen diren lagunek. Ikastaroan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da.

Bihotz biriken bizkortzea nola egin jakiteko ikastaroa antolatu du Arroabeko Sakulupe guraso elkarteak maiatzaren 20 eta 21erako. Antolatzaileek azaldu dutenez, arroarrak laguntza profesionala eman dezaketen osasun zerbitzuetatik "urrun" daude, anbulantziek 10-15 minutu behar izaten dituzte Arroara heltzeko: "Herri eta auzo horietako bizilagunen bati bihotz-biriken gelditzerik gertatuko balitzaio, guk egin ditzakegun ekintzek asko baldintzatuko dute pertsona horren biziraupena. Izan ere, bihotz biriketako gelditzea itzulgarria izan daiteke halako kasuren batean bizkortzea erabiliz gero".

Donostia Unibertsitateko bost erizainek bihotz biriken bizkortzearen inguruko proiektu bat jarri dute martxan, eta Arroan oinarrizko saioa eskainiko dute, adin guztietako herritarrei zuzenduta. Bi egunetako ikastaroa izango da, eta egun bakoitzean bi orduko saioak egingo dituzte, 18:30etik 20:30era. Ikastarorako aurrez izena eman behar da sakulupe@gmail.com helbidera mezua idatzita eta Txomin tabernan jarri duten zerrendan izena emanda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide